Alexander Silva: "Euskaltzaindian gazte hasi ziren eta gazte izaten segitzen dute"

Zenbait gazte ausart dokumentala aurkeztu berri du (gaur, Sanagustin kulturgunean botako dute, 22:00etan) eta Enkarna Arregiren biografialiburua aurkeztera doa bihar, apirilak 9, 11:00etan, Baigerako aretoan. Bi lanez aritu da Silva lapikue.netekin hizketan. Dokumentalaren 2 DVD zozketatu ditu Kultur Mahaiak (Silvak emanda) eta Jon Lizaso eta Imanol Pikabea bazkideei tokatu zaizkie.

Dokumentala

 

Nondik sortu zitzaizuen dokumentala egiteko aukera?

Irailean Unibertsitatetik deitu ziguten, oraindik ere oporretan geundela. AEKtik eskaera bat zutela eta Euskaltzaindia omendu nahi zutela esan ziguten eta ea nahiko genukeen egitea. Erronka, Euskaltzaindiaren historia era erakargarrian kontatzea eta era berean Euskaltzaindiari urteak kentzea zela esan ziguten. Erronka handia zen, baina baita aukera ere, gehiago karrera amaitu aurretik egiteko. Baietz esan genien.

"Euskaltzaindiari urteak kentzea" esan duzu. Azalduko hori?

Bai. Euskaltzaindia zaharkitua, eliza kutsukoa, kontserbadorea, zenbait alderditakoa eta hurruna den ikuspegia dagoela esan ziguten eta horri buelta eman eta AEK eta Korrikaren filosofiara gerturatu behar genuela.

Izenburua hortik dator?

Alde batetik bai, baina bestetik dokumentalean etengabe agertzen den balorea da. Fikzioa eta dokumentala nahasten dira. Hasiera-hasieran, unibertsitateko irakasle bat agertzen da eta esaten du "garai haietan baziren gazte batzuk akademia bat sortzeko gogoa zutenak...." Bai urteetan zaharrak badira, baina 20 urte zituztenean bezala egiten dute lan. Horren adibide garbiena, eta dokumentala ikusi duten denek aipatzen dute, Jean Haritxelhar da: zaharrena bera da, baina bere hitz egiteko moduak eta egiten dituen keinuak 20 urteko batenak dira. Gazte hasi ziren eta gazte izaten segitzen dute euskararen aldeko lanean.

Nola banatu dituzue lanak zuen artean?

Hiru lagunen artean egin dugu. Ni elkarrizketak prestatzeaz/egiteaz eta produkzioaz arduratu nahiz, elkarrizketatuak lotzeaz, musika baimenez... Kamerarekin eta ondorengo edizioarekin Iker Ugalde arduratu da. Gidoiaz eta montajeaz Ekaitz Herrera. Azkenan 34 bat elkarrizketatu izan dira eta 25 ordu baino gehiago grabatuta. Hori 60 minutura laburtu behar izan dugu.

Zer balorazio jaso duzue?

AEK eta Korrika oso gustura geratu da. Aitortu ziguten hasiera batean ez zutela denbora epetan sartuko ginen esperantzarik eta beldurra zutela: ikasleak ginela, erronka handia zela... Lehenengo zatia erakutsi genienean, duela hilabete eta erdi bat-edo, esan ziguten lasai geratu zirela. Pozik geratu dira eta produktu duina dela esan digute. Euskaltzaindiak ere ez zutela horrelakorik espero esan ziguten. Gu ere gustura geratu gara.

Bihar, berriz, liburua aurkeztuko duzu. Noiz hasi zinen liburuarekin?

Dokumentalean buru-belarri gabiltzala Uztarriatik deitu zidaten proposamena egiteko. Hasieran ez nintzela egitera iritsiko uste nuen, baina aukera polita zela ere bai. Onartu egin nuen eta orain ez naiz damutzen. Nik ez nuen Enkarna ezagutzen. Gogoratzen dut beregana joan nintzenean ez zuela egin nahi esan zidala eta pentsatu nuela: "Nik ez bazaitut ezagutzen eta zuk ez baduzu egin nahi akabo!". Gero, ordea, gustura ibili gara.

Lotura ere badu gaiak: euskara.

Bai. Enkarna moja zela Ikastola bezalako proiektu potente batean sartu zen, euskararen aldekoa, herritik sortutakoa... badu lotura eta, gainera, dokumentaleko protagonista asko ere ezagutzen zituen. Ikastolaren kontuak Enkarnari asko eragin zion eta, azkenean, erabakia hartu zuen: "Komentuan duten Jainko hori ez da nirea eta nik beste bide bat egin behar dut".

Zer nabarmenduko zenuke Enkarna Arregirengandik?

Oso pertsona xumea dela. Denek pila bat baloratzen dute Enkarnak egindako lana eta berak, aldiz, ezer egin ez balu bezala hitz egiten du, beste edozeinek bezain beste egin bazuen gisan.

Bi lan oso ezberdin izan dira dokumentala eta liburua?

Ez dakit kontrakoak izan diren, baina ezberdinak bai. Elkarrizketak ez dira berdin prestatzen. Batekin zehaztasuna eta laburra izatea bilatzen duzu eta irudiekin pentsatzen; bestearekin mamia bilatzen duzu, literatura egiteko gaia. Biak batera egin ditut, biak batera bukatu eta gustura aritu naiz. Ea aurrera begira ere halako aukerak ditudan.