Imanol Lazkanok krisiari jarritako bertsoa

Azpeitiar bertsolariak krisiari jarritako bertso-sorta argitaratu zuten Argia aldizkariaren 2.226 zenbakian. 

Krisiari jarriak

 

Nahiz ta amestu ondo izango
ginela bizi guzian
uste gutxien genuenean
sartu gaituzte krisian
atzo artean denok aberats,
gaur denok ezin bizian
harrapatuta gelditu gara
bankuaren lurjauzian.

Errepasatzen jarri ezkero
azkenengo urte haueri
harrokeria punttu bat ere
ez ote zaigu ageri
zeru bezala saldu zaiguna
bilakatu da aberi
gezurretako putzu batean
egin baitugu igeri.

Etxe, autoa edo oporrak
kontsumismoa zutabe
aurreratutzen saiatu baino
aurrez gastatzea hobe.
Dena kreditu dena hipoteka
ta bankua denen jabe
denok aberats sentitu gara
txanpon bat ikusi gabe.

Diruarekin diru egiten
mozkorturikan bankuak
beti kreditu eskeinka ziren
nahi ziren bezalakuak
oinarririkan gabeko planak
gero emaitzak halakuak
bide hortatik etorri dira
ikuilura behi plakuak.

Orain alferrik aritzea da
egin banu ta bazendu
aska hustuta nola dagoen
behia ezin da gizendu
ari direla diote baina
inork ezin du zuzendu
gizena antzu omen dago ta
plakoari ezin kendu.

Nahiz ta ohitura hori ez izan
lehengo aitona zaharrena
behia ahaztuta ibili gara
denok munduan barrena
gero hortatik etorri zaigu
konpon ezin den herrena
behia esnedun izan nahi bada
pentsua eman aurrena.