"Kontatzen ahazten bazait kito, ni ere ez nago"

Igandean, 'Egunkaria'-ren eskertza ekitaldian, Jose Luis Otamendiren 'Aritmetika ariketak' poema irakurri zuen Gotzon Barandiaranek.

Apirilaren 12an absoluzio epaia jaso ostean, lehengo igandean izan zen Bilbon, Euskalduna jauregian, Egunkaria-ren eskertza ekitaldia, eta bertan Gotzon Barandiaranek Jose Luis Otamendiren poema bat irakurri zuen: Aritmetika ariketak. (Hemen dago une hori jasotzen duen argazkia)

Erlojuen mekanika (Susa) liburuan dauka, hain zuzen, jasotaOtamendik Aritmetika ariketak poema. 2007an aurkeztu zuen liburu hori azpeitiar idazleak. "Geure garaiaren testigantza ematen ez badugu, alferrik ari gara. Gure garaia ezagutu nahi duenak, hemerotekak ez ditu aski izango. Bai sentimenduen eta bai pentsamenduen beste elementu eta ikuspuntu batzuk beharko ditu. Bestela, inoiz ezer izan ez bagina bezala izango da. Uste dut hori dela poetaren konpromisoa, esan egin behar dugula zer garen eta zer sentitzen dugun", zioen orduan Berriaegunkariko elkarrizketan.

'Aritmetika ariketak' (Jose Luis Otamendi, 2007) 

aritmetika ariketa zoroetan sartua nabil:

zenbat auzokide herritar ezagun

—gogaide zein etsai kuttun—

zenbat lagun kendu dizkidaten bistatik

kontuak egiten ditut

 

jabetzen naiz

urriko orbela bezala

—arin galtzekoa haizearen mende—

arratsaldeko ume zarata kalean nola

paisajearen bazterreko osagai naizela ni ere

soslaia urruneko argazki batean

etorkizun zabal eta helgaitzari

ertz lausotu batetik kirika

 

arnasa hartu hiru aldiz

eta letrak lerro-lerro paratzen jarraitu dut

oraindik hemen nagoela

esaten zidaten nire hatzen takatekoek

gela datorkit begien parera

atea gero eta paper nahasiak nonahi:

aurpegiak keinuak ahotsak

eta izendegi amaiezina ondoren...

—horiekin joango zen akaso ihesi zoriona—

 

nire baitaren deshabitatze antolatua

salatu nahi dut

baina ez dakit zein bulegotara jo

nondik ekin

nola galarazi jario geraezin hori

—sarea naiz dena isuri dena itogin dena galera

guardasol baten eskeletoa jasapean—

jendea indarrean daramate

era txarrean ari zaizkit

ateratzen kirioetatik barrenetik

neure azaleko usainetik libratzen

hezurretatik itzal arrastoak xahutzen

irribarreen orbanak

fereka hautsien koskak

dentistaren doitasunez

ari zaizkit hondeamakinak barrunbeetan

ken eta ken

neu naizen piltzar mordo mailatu honetatik

eta lotsatu egiten naiz

jendeak igarri egingo baitit barren hustu hori

begietako putzuan igeri

 

nire baitaren deshabitatze sistematikoa

salatzen dut

ezin dut onartu erauntsien mende bizitzea

ekaitz aldi bakoitzak zer ostuko

eta gero hondakinen artean erreskatatuko

dugunaren itxaropenez ibili beharra beti

ez dut naizena baino

gizaki deshabitatuagoa izan nahi

lotsa ematen dit

jendeak eguna joan eguna etorri

batera eta bestera

barrena hutsik nabilela begietan antzematea

edo ibileran edo hitz egiteko moduan

auskalo

 

jendea ateratzen ari zaizkit barrutik

su hartutako hotela banintz bezala

ateak ostikoka lehertu eta haurrak izutuz...

ez naiz eskailera hautsia

ez naiz meatze abandonatua

neure urratu eta joskura traketsekin

nahi ditut neure egunak bizi

eta inor nire barrutik erauzterako kontuak egin

banan-banan

alerik ere oharkabean joan ez dakidan

hemendik aitzina

 

nire barrua husteko

nazioarteko konplota salatzeko etorri naiz

eta badakit

egin beharreko kalterik handiena egina dagoela

berandu izan litekeela

desegindako arimak bere onera ekartzeko

galdutako asko ez dela itzuliko sekula

nahiz eta halako batean

akaso

batek daki

gu edo beste batzuk zoriontsu izan

 

baina kontatzen ahazten bazait

galdua naiz

—nire etsaiak nire lagunak—

hor dago nire indarra

horretan da nire izatea bera

esan dezadan

aritmetika humano bat galdatzen dut...

nor dago bere sasoian eroso

 

kontatzen ahazten bazait

nireak egin du

c'est fini

akabo

kontatzen ahazten bazait

bat bi hiru...

kontatzen ahazten bazait

kito

ni ere ez nago