Argazkilaritza afizio eta ofizio

erakusketa

Xanti Rodriguez azpeitiar argazkilariak, azken aldian, sariketa ugari irabazi ditu bere lanekin. Argazkilaritza du ofizio, eta baita afizioa ere.

Argazkilariaren semea izanik, aitaren bidea segitzea hautatu zuen. Hala, ofizioz argazkilaria da Xanti Rodriguez. Ofizioa nahikoa ez, eta lanetik irtendakoan ere argazkilaritza du gustuko, afizio. "Lanak aukera ematen dit nire ikuspuntutik gauzak erakusteko. Lana aprobetxatzen dut gustatzen zaidana egiteko", azaldu du Rodriguezek. 

Argazki kamarari klik eta klik ibiltzen da, eta ateratako argazki horiek sariketetara bidaltzen ditu: "Orain dela 3 bat urte irabazi nuen nire lehen saria, eta gero eta sari garrantzitsuagoak irabazten ditut", dio. Beraz, gustura dago egiten duenarekin. 

 

erakusketa1

Azken aldian, hainbat sari jaso ditu. Alde batetik, bi urtez behin egin ohi den Valentziako Nazioarteko Argazkilaritza Binealean bi sari irabazi ditu: "Argazki bildumen sailean saritu dizkidate bi lan. Koloretako bildumen sailean lehen saria irabazi dut, eta zuri-beltzeko bildumetan 4. saria jaso dut", azaldu du. 

 

erakusketa2

 

Baina ez da hori Valentzian irabaziriko sari bakarra. Valentziako AFPV Argazkilari Profesionalen Elkarteak ere saritu du azpeitiarraren lana. 

Azkenik, datorren astean beste sari bat jasoko du, oraingoan Bartzelonan. Bertako museu de la xocolata-ko sariketa irabazi du. "Txokolateari buruzko argazkien inguruko sariketa zen, eta saritua izan naiz", dio.  

erakusketa3

Sari guzti horiek "lanean segitzeko indarra" ematen diote Rodriguezi: "Horrelako sariketetan, azken finean, zure lana ezagutzera ematen duzu, eta mejoratzen joateko aukera izaten duzu", dio. Gainera, sariketa horien bidez, jendeak bere lanaren berri izaten du, eta horrek bezero berriak ere erakartzen ditu beregana.