Joxe Ramon Larrañaga: "Bi astean 2.314 bisitari izan zituen argazki zaharren erakusketak"

Jose Ramon Larrañagak 10 urtetik gora daramatza argazki zaharrak biltzen. Joan den apirilean Azpeitiak herri-gutuna jaso zuela 700. urteurrena dela-eta argazki erakusketa antolatu zuten. Argazki zaharrak biltzeko ardura, Joxe Ramon Larrañaga Azpeitiko Argazki Elkarteko kideak izan du. 

Historia zalea izanik, orain dela 10 urte baino gehiago ekin zion Joxe Ramon Larrañaga azpeitiarrak argazki zaharrak biltzeari. "Herriaren bizitza"  argazki zaharrek ongi erakusten dute Larrañagaren iritziz, eta garai bateko Azpeitia eta azpeitiarrak nolakoak ziren jakin asmoz ekin zion argazkiak biltzeari. Iazko apirilean, berriz, herritarrei beren etxeetan dituzten argazki zaharrak uzteko eskaera egin zieten argazki elkartekoek. Deialdi hortan bildutako argazkiekin erakusketa egin berri dute (apirilean egin zuten), eta arrakasta ikusita argazkiak biltzen segitzen du. 

Zer dela-eta ekin zenion argazki zaharrak biltzeari? 

Ni betidanik izan naiz historia zalea, eta beti uste izan dut herriaren bizitza argazkien bidez ikus daitekeela. Zaletasun hori dela-eta orain dela 10 urte baino gehiago ekin nion argazki zaharrak biltzeari. 

Eta orain gutxi argazki zaharren erakusketa egin duzue?

Bai, baina hori beste kontu bat da. Azpeitiak herri-gutuna jaso zuela 700. urte betetzen direla-eta mahai bat osatu zen, hara joan eta antolatzen ari ziren gauzen inguruan ekarpenen bat banuen lasai egiteko esan zidaten. Han argazki zaharren erakusketa egiteko proposamena bota nuen, eta hala egin dugu. 

Joxe Ramon

Erakusketa hori nola osatu duzu?

Iazko apirilean herritarrei dei zabala egin zitzaien etxean zituzten argazki zaharrak uzteko. Nire bilduma pertsonala neuk hemendik kanpo erositakoekin-eta osatutakoa da, baina herritarrek utzitako argazkiekin egin behar zela erakusketa pentsatu genuen. Eta horrela izan da. Deialdi hartan 200 bat argazki bildu ziren, eta erakusketan 141 jarri ziren ikusgai. 

Erakusketak uste baino bisitari gehiago izan ditu, ezta?

Bai, guk ez genuen horrelakorik espero. 15 egunean 2.314 bisitari izan zituen argazki zaharren erakusketak. Eta hori Azpeitirako izugarria da. 

Eta erakusketan bertan ere jendeak argazkiak uzteko gogoa azaldu du. 

Bai. Nik uste jendea kontzientziatu egin dela. Eta horregatik azaldu dela prest jendea argazkiak uzteko. 

Eta oraindik norbait zuei argazkiren bat uzteko prest bada, zer egin behar du?

Lan honek ez du etenik, eta guk argazki zaharrak biltzen segituko dugu. Orain argazkiren bat utzi nahi digunak udaletxeko kultur bulegora eraman behar du. Han uztean, zihurtagiri bat emango diote argazkia utzi duela esanez. Handik nik hartzen ditut, eta gero, berriro hantxe uzten ditut bueltan. Berriro utzi duenak jasotzeko. 

Baina argazki zaharrak biltzearen azken helburua beste bat da, ezta?

Bai, argazki zahar guztiak biltzen dituen liburua osatzea da helburua. Orain diru falta dago, eta ezinezkoa da, baina egunen batean argazki guztiak liburu batean biltzea nahiko genuke.