Urrestillak ere liburutegia du

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2010ko uzt. 2a, 12:00

Gaztelekuan jarri dituzte euskarazko eta gaztelerazko 94 ale; adin guztietako liburuak daude mailegutzan hartzeko. 

Herritarrei liburua gerturatzeko eta irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz liburutegia ireki dute Urrestillan, Gaztelekuan. Azpeitiko liburutegiaren luzapena izango da, eta hasteko euskarazko eta gaztelerazko 94 liburu berri eraman dituzte bertara. 

Urrestilako liburutegia

8 eta 18 urte bitarteko gazteentzat da Gaztelekua, baina adin guztietako jendearentzat jarri dituzte liburuak: "Liburutegia goizetan erabili nahi dutenek Gaztelekura sartzeko txartela eskatu beharko dute Gaztedia sailean. Eskaera hori 943 157161 telefonora hots eginda egin dezakete ", azaldu du Aloña Larrañaga gaztedia teknikariak. 

Liburuak adinaren arabera daude sailkatuta. Adin tarte bakoitzari kolore ezberdinetako pegatina jarri diote. Aldi bakoitzean 2 liburu har ditzakete erabiltzaileek, eta 15 eguneko epean itzuli beharko dituzte: "Erabiltzaileek denbora gehiago behar badute, berriro eskatu beharko dute liburua", azaldu dute.

Ana Mendizabal Kultura eta Euskara batzordeburuak azaldu zuenez "autozerbitzu" moduko bat izango da, eta "herritarren kontzientziaren arabera", gelditzen da liburutegiaren erabiliera zuzena egitea.

Oraingoa, hasiera izango da herritarren eskaeraren eta berrikuntzen arabera, liburuekin liburutegia osatzen joango baitira.