Ruper Ordorikaren kontzertua eta pasadizoa

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2011ko urt. 10a, 12:41

Sanagustin kulturgunea bete egin zen oñatiarraren kontzertua entzuteko eta merezi izan zuen. Ordu eta erdi pasatxon, kantu berri eta zaharrak jo zituzten Ordorikak eta Mugalariek. Pasadizorik ere egon zen.

(Kultur Mahaian bazkide egiteko idatzi lapikue@gmail.com helbidera izen-abizenak eta telefono zenbakia. Urtean 10 euro besterik ez dira)

Arratsaldeko bost eta erdiak inguruan iritsi ziren Sanagustin kulturgunera Ruper Ordorika eta Mugalariak (Arkaitz Miner, Hasier Oleaga eta Lutxo Neira). Berehala jarri zituzten prest erremintak eta soinu egokiaren bila aritu ziren, harik eta gustura geratu ziren arte. Zortzi eta erdiak jo zituzten ordurako; afaltzeko garaia. 

Haiek soinua egokitzen eta entseatzen aritu ziren tarte horretan Kultur Mahaikoek azken 50 sarrerak saltzeko ateak zabaldu zituzten, seiretan, berriro seirak eta bostean "Sarrerak agortuta" kartela jarri eta ateak ixteko. 5 minutuan saldu ziren, kanpoan zain zegoen jendea sartu bezain pronto.

Afaldu bitartean

Baigera I-ean afaltzen ari zirela hasi zen pasadizoa gertatzen. Atetik Laxaro Azkune sartu zen eta Ordorikak ikusi egin zuen: "Hara, Laxaro!". Jaiki eta agurtu egin zuen. Berriro eseri zenean esan zuen: "Lehen zuen lagunak Bisean Ama zer duzu negarrez kanta jotzeko eskatu dit. Kanta hori Laxarori esker lortu nuen. Aurrez ere esan izan dut zenbait lekutan. Gaur kanta hori jo beharko nuke, kontzertura doala esan dit-eta". 

Kontzertuan   

Hasterako esan zuen Haizea Garizumakoa diskoko kantuez gain zaharrak ere joko zituela eta 1998an argitaratu zuen Dabilen harria diskoko Martin Larralde kantarekin hasi zen kontzertuaSanagustinen bildutako 300 lagunek ordu eta erdiz gozatu zuten, bi Bis eta guzti. Bigarrengo horretan Ordorika taldekiderik gabe atera zen eta: "Ia ahaztu zait. Tekniko batek eskatu dit Ama zer duzu negarrez kanta jotzeko. Zuen artean dagoen Laxarori esker lortu nuen kanta hau. Lehen, euskal kantak entzuteko igande goizetan Herri Irratia jarri behar izaten zen eta han entzun nuen kanta hau. Handik denbora batetara, Herri Irratian elkarrizketa egiteko deitu zidaten eta han Laxarorekin hizketan esan nion halako kantu bat bazela, hala eta hala esaten zuena... Berak esan zidan zein zen eta diskoa bidali zidan. Trukean e! Nik nirea bidali nion eta!". Pasadizoa orduan amaitu zen, kanta hura jotzearekin batera.  

Kanta

Ama zer duzu negarrez kanta Etxamendi eta Larralde bikotearena da. Hauxe letra:

Ama zer duzu negarrez 
matelak bustirik urez 
hala duzu goiz ihitzez.

Argia hastian 
lilien artian 
zintzabilenian 
baratze aldian. (bis)

Oi jeiki zira goizerik 
hau maitia zeren gatik 
aita ez da jin oraindik

Ikusi nahian 
aitatto bidian 
izan niz goizian 
baratze aldian. (bis)

Bidia da luze luze 
han bakarrik dabil haize 
amak bihotza du leize.

Aita gau guzian 
gudari mendian 
ama dagonian 
baratze aldian. (bis)

Kantaren doinua entzun dezakezu hemen: http://www.kantuan.net/kantuan_abestiak/kantuak_folders/ama_zer_duzu_negarrez?esparrua=abestiak&abesti_zehatza=ama_zer_duzu_negarrez