Juanjo Olaizolak Euskotreni jarritako auzia atzera bota dute epaitegian

Burdinbidearen Euskal Museoaren zuzendari ohiak lanpostu zerrendan zuzendari maila errekonozitzea eskatzen zuen, baina ez diote eskaera onartu. Epaia behin betikoa da, gainera; ez du helegitea jartzeko aukerarik ematen.

Euskotren izan da, prentsa-ohar bidez, auzitegiko erabaki horren berri eman eta epaiaren edukia zabaldu duena. Epaian, Juanjo Olaizola 1994n Euskotrenen zerbitzuburu gisa sartu zela esaten da, eta lanbide kategoria hori mantendu izan duela harrezkero. Euskotren enpresaren lanpostu zerrendan museoko zuzendari posturik ez dagoela ere badio epaiak. 2010ean sortu zen museoaren Fundazioa abian jartzeko aurreneko bileran -2011ko urtarrilaren 17an- adostu zuten fundazio beraren zuzendari postua sortu eta hura betetzeko lehiaketa publikoa martxan jartzea.

Hain zuzen ere, 2011. urte hasieran jakinarazi zuten Olaizola Trenaren Museoko zuzendaritzatik kendu zutela. Harrezkero, eta erabaki horren ondorioz, gaiztotuz joan da giroa Olaizolaren eta haren lanaren alde agertu izan diren erakundeen -Trenbidearen Lagunen hainbat elkarte, batik bat- eta Euskotrenen eta, bide batez, garraio baltzu publikoaren ardura duen Eusko Jaurlaritzaren artean.

Euskotren, bere aldetik, pozik agertu da epaiarekin, bere eta Jaurlaritzako Garraio eta Herrilan Sailaren jarrera indartzera datorrelakoan.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide