Hastear da aurtengo koadrilen arteko lehiaketa

Zapatu honetan, hilak 11, hasiko da txapelketa, eta luduska jokatuko dute. Frontoi Txikin izango da lehia, 16:00etan hasita.

Joan den urteko arrakasta ikusita, koadrilen arteko bigarren lehiaketa larunbat honetan, hilak 11, hasiko da. Luduska lehiatuko dira taldeak Frontoi Txikin, 16:00etan hasita.

Gaztetxeak aurreko urtean jarri zuen martxan I. Koadrilen arteko lehiaketa. Bertan, Azpeitiko gazte taldeek hilean behin, larunbatetan, bildu eta joko eta ekintza desberdinak egin zituzten. Arrakasta handia izan zuen ekimenak, hogeitik gora izan baitziren parte hartu zuten taldeak. Lehiaketa baltsa jaitsierarekin amaitu zen, eta garaileek Gaztetxeko Arrauna irabazi zuten.

Joan den urtean izandako arrakasta ikusita, aurten ere ekimena martxan jartzea erabaki da. Joko berriak ere izango dira: patata tortila lehiaketa, altxorraren bila… eta iazko berdinak ere bai: baltsa jaitsiera eta antzerakoak.

Zapatuan, behin lehia bukatuta, asteroko moduan, pintxo poteoa izango da gaztetxean, 18:00etatik aurrera.