Julian Bereziartua: "Ezkorrak gehiago gaixotzen dira, beti beldurrez daude"

Urola Kostako Hitza 2011ko abe. 15a, 17:12
Julian Bereziartua, bere kontsultategiko mahaiaren atzean.(ONINTZA LETE ARRIETA)

Mende erdia medikuntzari eskaini ondoren, bata zuria eranztera doa Zuriko

Zirujau azpeitiarrak erretiroa hartuko du hilabete barru, eta Azpeitiko kontsultategiko lanak liburu eta artikuluengatik aldatuko ditu

"Jendeak sinestu ez arren", Julian Bereziartua (Azpeitia, 1935) zirujau eta mediku azpeitiarra erretiratzera doa. 50 urtean milaka gipuzkoarri egin dio ebakuntza, milaka kasu aztertu ditu, beste hainbeste aholku eman, eta orain bata zuria erantzi egingo du. Orain 11 urte utzi zion zirujau lanari, baina Azpeitiko kontsultategiko lanarekin jarraitu egin du orain arte. Urtarrilean, kontsultategiko zereginak albo batera utzi, eta idazten, komunikabideekin kolaboratzen eta hitzaldiak ematen jarraituko du.

40.000 ebakuntza egin, eta inor ez zaizu hil.

Jainkoari eskerrak, zorionez, ez.

Marka handia da hori, ezta?

Nire ustez bai. Pozik nago horrekin. Susto galantak pasatu ditut, hala ere; batekin oso ondo gogoratzen naiz, esaterako. Ez zen ebakuntza zaila. Anestesistak orduantxe lokartuta zeukan. Begiratu nion, eta bihotzean masajea ematen ari zitzaion anestesista. Zer gertatzen zen galdetu, eta hark lasai egoteko esan zidan. Bihotza geldituta zeukan ebakuntza egin behar genionak, eta neuri ere ia-ia gelditu zitzaidan. Lasai egoteko esan zidan, ez zela arraroa, baina horixe izan ba arraroa! Martxan jarri zion bihotza, eta kitto. Halako sustoak pasatzen ditugu, baita espero ez den hemorragia batengatik eta halakoengatik ere.

Hilabete barru, Azpeitiko kontsultategia utziko duzu, betirako.

Bai, erretiroa hartzera noa. 76 urte ditut, eta nik uste dut noiz edo noiz erreflexuak gutxitu egiten direla, eta nahiz eta segitzen dudan, besteei ere tokia utzi behar zaie.

Bezeroei esaten ari al zara erretiratzera zoazela?

Batzuei bai, baina ez didate sinesten. "Ez utzi!", esaten didate. Baina zer egin behar dut? Hemen jarraitu betirako? Nire lana gustura egiten dut; gozatu egiten dut, baita ikasten ere, baina banoa.

Zenbat orduz egiten duzu lan egun?

Medikuntzan hasi nintzenean, zortzi eta hamabi ordu artean egiten nuen lan egunero, bazkaltzeko ordu laurden bat hartuta. Orain sei ordu inguru egiten dut lan. Eta gustura egiten dut, baina seme-alabek uzteko ordua badela esaten didate.

Hemendik aurrera, zerekin beteko dituzu eguneroko sei ordu horiek?

Seguruenez idazten jarraituko dut. Liburu bat baino gehiago dut argitaratuta, batzuk besteak baino luzeagoak, eta, bide horretatik jarraituko dut. Gozatu egiten dut idazten eta hitzaldiak ematen, eta bestela denbora galtzen ari naizela iruditzen zait, gainera.

Nolako ebakuntzak egitea egokitu zaizu hainbeste urtean?

Kirurgia orokorra egin dut nik. Hezurretako batzuk egindakoa naiz, baina gehienak haragietakoak izan dira, eta gehien-gehienak kisteak (sakro-kokzigeoak); haragi-etenak edo herniak (izterrondokoak gehienak); eta apendizeak. Azken hau ez dakigu zertarako dugun hor, baina sekulako gerra ematen du; erraza denean oso erraza da, baina zaila denean, oso zaila. Hestea da, azken finean, eta akatsa ematen badu, sabel barruan dago, eta susto galantak ematen ditu.

Zeu ebakuntza-gelatik pasatutakoa al zara inoiz?

Bai, orban txiki bat kentzeko [ bekokialdea ukituz ]. Kirurgia plastikoko nire lagun batek egin zidan; erre bakarrik egingo zidala uste nuen, baina gero emaitzekin etorri zitzaidan, ez zela txarra esanez. Ni konturatu gabe ebaki ninduen, baina errespetua ematen dit. Gainera, grabatuta gelditzen zait operatzera joaten den jendea.

Baina denekin gogoratzea ezinezkoa da.

Kalean neuk ebakuntza egindako asko ez ditut ezagutzen. Hori gertatzen zait orain.

Haiek bai zu, seguruenez.

Bai, eta horregatik, batzuetan kezkatu egiten naiz. Neuk operatu badut ondo ezagutzen dudala pentsatuko du jendeak, asko, kanpotik eta barrutik, gainera. Beraz, aurpegira begiratzen diet, eta kasu egiten badidate, neuk ere bai. Bestela, ezer ez. Oso gauza polita da kalean pasatu eta norbaitek eskerrak ematea edo kasu egitea; niretzat behintzat bai. Kezka iturri ere izan da, ordea.

Zergatik?

Askotan egin izan dut lo gaizki, ebakuntza eta gero. Pasadizo bat kontatuko dut: sartu nintzen behin ebakuntza-gelara irribartsu, norbaiti kontuak kontatzen. Operatu behar nuen emakume gazteak agurtu egin ninduen, neure izenez. Neuk ere agurtu nuen, eta hark zera esan zidan:" Barrez? Nik dudan beldurrarekin! Hiru ume etxean utzita etorri naiz, eh!". Hori esaten dizute, eta pentsa, nik hura ebaki egin behar. Ez dakiola ezer gertatu, pentsatu nuen. Ondo operatu bai, baina gero ondo geldituko den ala ez, kezka horrekin gelditu izan naiz askotan; horrek asko kezkatu izan nau. Eta, hala ere, berriz ere zirujau izango nintzateke.

Milaka lagun artatu duzu kontsultategian. Azpeitiarrez gain beste herrietatik ere jende asko etorriko zitzaizun, ezta?

Bai. Hemen ingurukoak asko ikusi ditut, bizkaitarrak ere bai, Elgoibar aldekoak, tolosarrakĀ… 10etik 6 azpeitiarrak eta azkoitiarrak izango ziren; beste lau zestoarrak, zumaiarrak, zarauztarrak, bizkaitarren bat...

Zuk esandakoa da: hobe da konfiantzazko mediku bat, mediku on bat baino.

Dudarik gabe. Gaixoak medikuarengan federik ez badu, galduta dago. Medikuak konfiantzarik ez badio ematen gaixoari, hura sendatzea zaila da; ez da gustura geldituko. Gaur bertan bati botika hartzeko esan diot, eta hark hartu behar duen galdetu. Baietz esan diot. Halakoak ez dira lasai gelditzen beste mediku bati kontsulta egin gabe.

Pertsona bat etorri zitzaidan behin sei paperekin. Gogoan dut. Familiako medikuak egin zizkion, sei medikurentzat. Hori gaizki egitea da. Seguruenik hura ez zen fiatuko haren familiako medikuarekin, eta espezialistarengana bidaltzeko eskatuko zion, eta besteak seirengana bidali. Hori guretzat ez da batere ona: pertsonek fedea galdu egin dute medikuekin. Jendea etorri, eta erresonantzia bat egiteko eskatzen dizu. Eta zuk berak duena ez dela erresonantzia eginda ikusten esaten diozu, baina bere erantzuna da beste hari egin ziotela. Konfiantza falta da.

Herritarren konfiantzak behera egin arren, medikuntzan hobekuntzarik izango zen hainbeste urtean, ezta?

Gaitzak bilatzearena asko aurreratu da guretzat, nahiz eta beti ez aurkitu. Gaitz berriak ere badaude. Hor gabiltza: asmatu, beti? Ez, noski. Intentzioa jarri? Bai. Borondatea jarri? Bai. Baina, hala ere, ikasi eta ikasi egin behar da. Nik asko ikasi dut, nire ustez, irratirako eta prentsarako. Horretan aritzeak eguneratzera derrigortzen nau.

Orain gutxi Zumaian eskainitako hitzaldi batean osasunaz eta espiritualtasunaz aritu zinen.

Hainbat erlijiotatik jorratuko dute gai bera urtean zehar, ez erlijio katolikotik ikusita bakarrik. Azkeneko hitzaldia, berriz, bertan behera gelditu zen. Ikaztegietara joatekoa nintzen, baina arazoak izan zituzten, eta ez zuten egin. Pena handia eman zidan. Pentsa, gau guzti-guztia iraun zidan disgustoak.

Mediku bat osasuna eta espiritualtasunaz jarduteak, emozioek osasunean eragina dutela esan nahi al du? Baikorra ala ezkorra izateak, esaterako?

Eragin handia dute. Ezkorrak gehiago gaixotzen dira; beti beldurrez egoten dira. Gogoan dut azkoitiar bat, oso jatorra. Ezin nuen sendatu, ospitalean zegoen, eta egunero galdetzen nion mojari nolako gaua pasatu zuen. Egun batean gau ona izan zuela esan zidan, eta ikustera sartu nintzen gelara. Lo zegoen, eta esnatu ala ez dudan ibili ondoren, eskua ukitu nion. Esnatu zen, begiratu ninduen harrituta, eta esan zidan: "Zu don Julian zara. Oraindik bizi al zara!". Hori esan zidanean, ia neu hil! [ kar-kar ]. Halako jendea ere badago.

Ultzerak, esaterako, kezken ondorio direla uste duzu.

Mundu bitxia da urdailarena. Lehen ultzera txiki-txikia zuenari ere urdailaren erdia kendu egiten zitzaion. Ni kezkatuta uzten ninduen horrek, nolatan ken zitekeen urdail erdia ultzera txiki batengatik. Gero, urdail zati txikia edo batere kendu gabe, ebakuntza bat egiten asmatu genuen: bi nerbio moztu eta irteera zabaltzea. Gero mikrobio bat azaldu da, dirudienez ultzeraren sorreran eragin handia duena. Hain zuzen ere, aurkikuntza horren egileei Nobel saria eman diete. Askotan, ultzera berriz agertzen da, eta nik oraindik ez dut uste mikrobio horren kontua bakarrik denik; ez dut halakorik ondorioztatu. Agian aldrebes ariko naiz, baina niretzat ultzeren 10etik 10 estuasunetik dator; kezkatia izateak, gauzak estu hartzeak, familiako edo inguruko arazoak izatea eta sakon bizitzeak eragiten du. Oraindik ez diot ultzerarik ikusi ijito bati, esaterako. Normalean alprojek eta lasaiek ez dute izaten, beti jende kezkatiak. Salbuespenak badaude, noski. 6-8 urteko haur bat ezagutzen dut ultzerarekin. Baina umeetan ez da batere normala.

Ultzeren inguruko anekdotaren bat ere baduzu.

Behin pertsona oso aberats batek esan zidan ultzera zuela, eta ebakuntza egin behar niola. Nik esan nion nola operatuko zen, bada, milioiak edukita. Ez zidan ulertu, eta esan nion uzteko kezkak alde batera, diru hura guztia ez zitzaiola inoiz amaituko nahita ere. Kezkengatik zuela ultzera esan nion, eta pasatuko zitzaiola lasaitzen bazen, operatu gabe ere. "Hori al da dena?", esan zidan, eta nik baietz. Proba egingo zuela esan zidan. 30 urte pasatu dira, eta ordutik ondo dago; ez zen operatu inoiz.

Pertsona bat kontsultategira sartzen ari den bitartean egiten diozu zuk lehenengo azterketa.

Bai, horregatik dut idazmahaia atearen aurrean jarrita. Lehen beste toki batean nuen, baina ez nuen jendea ikusten sartu ahala, eta hemendik bai. Pertsonaren aurpegiari begiratzen diot sartu orduko; zer begirada duen, zer kolore duen masailetan, ezpainetan, eta nola ibiltzen den; herrenik duen ala ez, baldin badu goitik beherainokoa den ala orkatilekoa... Hortik 20 gaitz atera ditzaket.

Gabonak gainean dira, eta barrua garbitzeko zer gomendatuko zenuke?

Kalte egiten digula dakigun hori kendu behar da, eta bestea jan. Aurreko batean kontatu nuen irratian: azkoitiar bat iritsi zen behin ospitalera urdaila zulatuta. Gabonak ziren, eta goardia egiten ari nintzen. Urdailetik sufritzen zuen, eta semeak esan zion egun batekoagatik txanpain pixka bat edateko, Gabonetan zeudela-eta. Egun bakarrean edan, eta urdaila zulatu eta hil egin zen. Ezin izan genuen ezer egin. Pena handia eman zidan; beti zaintzen, eta egun batean zaintzeari utzi, eta beste mundura.

Jate kontuetan, bereziki gomendatuko zenukeen jakirik ba al dago?

Norberak jakin behar du, edo jakin beharko luke, zer komeni zaion jatekoari dagokionez; kalte egiten duena ez da inoiz jan behar. Alkohola hartzen dugu gustatzen zaigulako, ez behar dugulako. Behar dugun edaria ura da. Bestelakoan, gizen-gizena egotea ez da ona -neu gizenegia nago eta argalegia egotea ere ez da ona. Dena dela, nik uste dut orokorrean ondo jaten dela inguru honetan; jendeak badakiela zer jan eta zer ez. Akaso, gehitxo jaten dugula gaineratuko nuke.

Ikasle nekagaitza 76 urterekin

"Osasuna esportatzeko lain dut". Hala dio Julian Bereziartua Zuriko zirujau azpeitiarrak. Eta jainkoari eskerrak ematen dizkio horregatik. Sinesduna baita.

Pasioz bete du lana 50 urtez, eta medikuntza uztera doan arren, egunero ikasten jarraitzeko asmoa du, komunikabideekiko konpromisoa betetzeko. Izan ere, ez da isilik egotekoa kontsultategitik kanpo ere: igande goizetan Euskadi Irratian aritzen da solasean, entzuleen galderei erantzunez eta osasun kontuez iritzia emanez eta jakituria partekatzen; horretaz gain, Uztarria Azpeitiko herri aldizkarian kolaboratzen du, baita Donostiako elkarte gastronomikoen aldizkarian eta medikuen buletinean ere. Hala ere, harreman bitxiena Diario de Navarra-rekin du: "Ez dakit nola onartzen didaten euskaraz idaztea, nafarrak direnarekin!", dio.

Bost seme-alabaren aita da. Eta hiru alabek bere bideari jarraitu diote: "Medikua da alaba bat, psikologoa bestea, eta botikaria hirugarrena". Etxean horrenbeste espezialista izanda, elkar aztertzen dutela dio, baina kanpokoekin errazagoa dela: "Kanpokoekin hotzago aritzen zara, profesionalago".

Medikuntza ikasi izana ere etxekoei zor die hein handi batean: "Albaitaritza egitekotan izan nintzen. Aitari esan nion, eta hark medikuntza egiteko arrazoi ona eman zidan. Esan zidan mediku egin eta txarrenera ere, sukaldean hartuko nindutela; albaitaritza aukeratuz gero, ukuiluan. Argi ikusi nuen orduan".

Ikasketengatik urte asko igaro zituen Azpeititik kanpo Bereziartuak, eta lanean hasi zenean ere Donostia hartu zuen bizitoki. Azken urteetan Zarautzen bizi izan da, "lasaiagoa delako". Hala ere, azpeitiar peto-petoa sentitzen da, eta Urolako herritarren umorea nabarmendu du: "Azkoitiko eta Azpeitiko jendeak umore freskoa du, berezia, eta gustuko dut umorea".

Umorea ez ezik, zezenak ere gustuko ditu zirujauak. 35 urtez Azpeitiko zezen-plazako zirujaua izan zen, eta orain harmailetatik jarraitzen ditu zezenketak: "Orain gehiago gozatzen dut. Lehen ardura guztia neurea zen, eta kezka-iturri handia izaten zen hori niretzat". Azpeitiko kontsultategiko hormaren kontra, hantxe du toreatzeko kapa, dotore, zutik ikusgai.

Liburu bat baino gehiago du argitaratuta, eta haietako batek azken orrian biltzen duen esaera du gogoko: "Esaten da medikuak gutxitan sendatzen duela; lagundu dezentetan egiten duela; baina lasaitu, beti egin behar duela mediku batek".