Alkatearen adierazpen instituzionala

Eneko Etxeberria (Azpeitiko alkatea) 2011ko abe. 3a, 17:12

Gaur, Inazio Uria Mendizabalen hilketaren 3. urteurrena da. Inoiz gertatu behar ez zuena gertatu zen eguna

Gaur, Inazio Uria Mendizabalen hilketaren 3. urteurrena da. Azpeitiarrontzat egun beltza 2008ko abenduaren 3 hura. Inoiz gertatu behar ez zuena gertatu zen eguna. Azpeitian, egun tristerik izan bazen hura izan zen. Geroztik azpeitiar bat falta dugu gure artean. Gutako bat falta zaigu.

Bere senitartekoei aitormena eta babesa ematea egokitzen zaigu. Eta Azpeitiak eta azpeitiar guztiok, gaur, Inaxio eta bere familia izan behar dugu gogoan. Loiola izan behar dugu buruan. Berriro ezin da gertatu. Indarkeria ez da bidea. Gorrotoak ezin du tokirik izan Azpeitian.

Aurrerapauso nabarmenak egin ditugu azken egunotan, berradiskidetzea ziur iritsiko da Azpeitira ere. Nik eskua luzatuta mantenduko dut sufritzen ari diren familia azpeitiar guzti-guztiei. Herritarroi eskatzen dizuet ezinikusiak alde batera uzteko.

Denon artean saiatu gaitezen Inaxioren familiaren zauri sendaezina eta hutsunea ahalik eta aringarrien egiten.

Eneko Etxeberria Bereziartua (Azpeitiko alkatea)