Boterea sorginduz

Haizea Egiguren (Urola Kostako Koordinadora Feministako kidea) 2011ko urr. 13a, 12:10

Euskal mitologiak eta sorgintasunak betidanik izan du indarra Euskal Herrian. Naturaren baliabideak kudeatzen zituzten, senda belarrak, ukenduak, olioak... egiten adituak ziren. Mundu misteriotsu hark, ordea, min egiten zion orduan ere eliza katolikoari, sorginen jakinduria labain baizitzaien eliza legeei. Ondorioz, deabrutu egin zuen mundu misteriotsu hura, sorginak zitalak, gaiztoak eta zikinak zirela sinestaraziz.

Badirudi urteetan zehar ez direla gauzak asko aldatu, denboraren poderioz eraldatu baizik. Onera aldatu izan balira, sikiera… Emakumeon eskubide zapaltzaile nagusia izan den elizak gaur ere deabrukerietan jarraitzen du. Sexu askatasunaren kontra, abortuaren kontra... Funtsean, emakumeon eskubideen kontra. Ez dugu duela asko entzun elizaren ahotik, abortua praktikatu duen emakume bati edozer gauza egiteko eskubidea dagoela, beren ustetan egin duen delituagatik.

Eliza, burgesiak erreproduzitu nahi izan duen jendartea bultzatzeko tresna izan da, garaian garaiko botere politikoarekin ezkondu delarik. Beren helburuak lortzeko, sinesmena aitzakiatzat hartuta jendartean beldurra nagusiarazi izan dute. Horrela, erreproduzitzen jarraitu nahi duten jendarte matxista, heterosexuala, homofoboa... ahalbideratuz.

Sorginek beren erratzak astindu zituzten gisan, zapalketa, gezurrez beteriko mezu nahiz jazarpen guzti hauek helarazten dizkiguten eliza edo gainontzeko instituzioen aurrean emakumeok erantzun beharra daukagu. Bilduz, hausnartuz, hitz eginez eta antolatuz, gurea dena berreskuratu eta defenditu behar dugu, gure eskubideak behingoz onartuak izan daitezen.