Lanerako konpromisoa

Hamaikabaten egungo egoeraren inguruan medio batzuek eginiko okerreko interpretazioen aurrean, honakoa argitu nahi du Hamaikabatek:

.1. Maiatzaren 22ko hauteskundeetan Hamaikabatek erabateko porrota jaso zuen. Politikoki polarizatutako eszenatokian, ETAren biolentzia esplizitorik gabe eta behin eta berriz Hamaikabatekin kolaboratzeari ezetza ematen zion EAJ/PNV batekin, mapa elektoralean tokia lortzeko Hamaikabaten apustu arriskutsuak ez zuen helburua lortu.

.2. Ondoren, Donostian uztailaren 30ean Hamaikabatek egin zuen Biltzarrean, gaur egun Hamaikabateko kargu publiko garenoi alderdiaren egitura eta antolakuntza egungo egoerara berrantolatzeko lanaren ardura egotzi zigun, horretarako eskuduntza exekutiboak dituen gestora bat sortuz kide anitzeko presidentzi baten pean. Egitura hau lanean ari da.

.3. Hamaikabaten ordezkari diren gizon-emakumeek herritarrekin eta hautatu izan diren Udalekin duten konpromisoa betetzen jarraitzen dute.

Esandako honi, azken hauteskundeen ondoren abertzaletasun historiko eta integratzailearen esparrua gelditu den egoera kezkagarriaren inguruan Hamaikabaten ustez beste gogoeta bat erantsi behar zaio. Halaxe da, gu partaide gaituen esparru horren lidergo sozial, politiko eta instituzionalaren galeran urrats berri bat eman da, aspalditik esaten ari ginen bezala. Horrek guztiak premiazkoa egiten du hausnarketa sakona, parte garen abertzaletasun historikoak galdutakoa eta hain beharrezkoa den gidaritza berreskuratu dezan.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide