Hirukoaren hitzarmenari ez!

Juankar Arellano (Azpeitiko Aralarren izenean) 2011ko api. 14a, 13:04

Hitzarmenak beti bultzatu behar dira eta herri baten onerako bada orduan eta hobeto. Dena den, ezin da onartu edozer gauza edozein preziotan. Gure ustez, horrelako zerbait gertatuko da Azpeitiko plan orokorrak gaur egun hartzen ari den bidea hartzen badu. Kontuan izan, plan horrek datozen urtetako argazki orokorra erakutsiko duela (8-10 gutxienez).

Zergatik diogun hau, oso erraz ulertuko dugu. Azpeitiko EAJ, EA eta Leku Eder hirukoa osatu eta akordio bat gauzatzen ari dira. Plan orokorraren lehen onarpena berehala izan beharko du eta ordurako ateratzea komeni da. Beraz, bi alderdiek eta etxebizitza-sustatzaileak elkarrekin onartzen dute planaren alderdirik korapilatsuena.

Plan horren lerro nagusiak hauek dira: Esklabetako eremuan, Loiola aldeko paretatik Iturtzuloraino 280 etxebizitza egitea (157 libreak eta besteak babestuak). Esklabetako komentua herriarentzat (eliza izan ezik) eta Izarraitzeko maldan 19.000 m2 udalaren esku geldituko dira. Bestalde, Esklabetatik Azkune eremura garapena noiz egingo den eta nolakoa izango den barne plan orokorrean aipatuko da, baldintzak betetzen baldin badira. Azkenik, sustatzaileak auzipetik kenduko ditu Udalarekin dituen desadostasun guztiak. Modu horretan, Udala libre geldituko litzateke auzi guztietatik. Horrela, bideak zabaltzen dira Amueko eremua gauzatzeko.

Hitzarmena, zalantzarik gabe, oso egokia da Udalarentzat. Auzi guztiak bukatuko dira. Dena den, zalantzan jarri daiteke hori; epaileak erabaki beharko lukeelako horrek horrela izan behar duen edo ez. Esklabetako eraikuntza udalarentzat izango da, nahiz eta ez jakin zer egitura izango duen. Eta azkenik, eta garrantzitsuena: Azpeitiko herriak behar al ditu horrenbeste etxe? Norentzako? Gaur egun dugun egoerarekin ez dakit nork erosiko duen etxea eta datozen urteetan ere ez da ikusten gauzak hobera joango direnik. Beraz, eremu horri eman nahi zaion egitura ez dugu ontzat ikusten.

Esklabetako eremuan moratoria eskatzen dugu: 15 urtean hor ezer ez planifikatzea. Alternatiba badago. Amueko eremua landu eta hitzarmena hor gauzatzea proposatzen dugu. Orain arte egindako lanak (Udalak gehiengoz erabakitako aldaketak eta erraztasunak zerbaitetarako balio behar dutelako) aprobetxatu eta Martxiel dagoen tokitik ateratzea nahi dugu behingoz. Eremu hori herriratu eta alde zaharrarekin txertatu. Horrek izan behar duelako herriaren hazkunde naturala.

Herriak herritarrentzako izan behar duelako eta ez interes partikularrak gauzatzeko, nahiz eta horrek epaitegietan egotea suposatu, arrazoiak aurre hartu behar dio inongo interesei. Beharrak egituratu behar du herria, ez dezagun barruak agintzen duena egin, burua erabili dezagun. Nahikoa izango dugu Loiolako Hiribidean adreiluzko eta amaitu gabeko etxe handi eta itsusi batzuk ikustea datozen urteetan. Jada ezin da berreskuratu eremu hori, baina garaiz gaude oraindik gauzak txukun egiteko.

Gurea da aukera, hiruko honen hitzarmenari ez! Ez delako bidezkoa eta bideragarriak diren altenartibak badaudelako.