Independentziaren kamiseta gorria soinean... gazteok Korrikara!

Nahikari Izagirre Etxeberria (Azpeitiko gazte independentisten izenean) 2011ko api. 12a, 22:04

Abian da euskararen aldeko hamazazpigarren Korrika. Egun eta gau Euskal Herri osoa zeharkatzen ari da pixkanaka eta asteazkenean Azpeitian izango dugu.

Azpeitiko gazte independentistok garrantzi berezia ematen diogu euskarari, euskara baita euskaldun egiten gaituena. Euskararik gabe, Euskal Herririk ez genuke izango eta, beraz, guztioi dagokigu gure hizkuntza babestea eta erabiltzea.

Euskal Herria hiru zatitan banatuta egoteak euskararen etorkizuna kolokan jartzen du, administrazioek ez dutelako euskara babesteko neurri eraginkorrik hartzen eta, kasu askotan, euskara ezabatzeko helburua duten politikak indarrean dituztelako. Horregatik, independentzia ikusten dugu euskararen etorkizuna bermatuko duen aukera bakarra, independentzia eskuratuta soilik izango duelako euskarak lehentasuna.

Guzti honegatik, Azpeitiko gazte independentistok dei egiten diegu gazte guztiei independentziaren kamiseta gorria jantzi eta Korrikan parte hartzera. Kamisetak Orkatzen daude salgai, 3 eurotan.