Alerta horia

Xabier Gantzarain (Berria) 2011ko urt. 22a, 10:01

Begira Izarraitz gaineko zuhaitzak, esan zidan amak, zuritasun arin hori ez duk elurra, lantzurdea egingo zian. Eta beste mundu batekoa iruditu zitzaidan ama, beste garai batekoa, baina ez da, beretzat ere 2011ko urtarrilaren 22a da gaur, munduarekin batera joan da aldatzen, ulertzen ditu gaurko arazoak nekeak presak penak eta denak ulertzen ditu, bilobak ikusten ditu hazten, ohituta dago makinak ikusten, sorginkeriak iruditzen zaizkio, eta ez du arrazoi faltarik. Haatik, ez al da sorginkeria mendira begiratu, zuhaitzetan erreparatu, zuritasun arin bat antzeman eta lantzurdea egingo zuela ateratzea ondorio? Guk errealitate handitua beharko dugu, eta halaxe ere nahikoa lan. Eta gure atzetik datozenek, nola jakingo dute zer den eta noiz egiten duen lantzurdea? Laster ez du euririk ere egingo, alerta horiko eguraldia besterik ez.

Amorratua naiz erantzunik gabeko galderak egiten. Zenbat jende bizi izan ote da mendi honen magaletan, zenbat hezur ote dago lur azpian, zenbat begik irakurri ote du eguraldia bere gainari ezartzen zaion laino itsuan, zenbat urte daramatza harri kozkor horrek hor zutunik?

Errimea naiz beti okerrena pentsatzen. Gurekin galduko dena, betirako galduko al da?