Plan Orokorrerako "akordio proposamena" egin du ezker abertzaleak

Ezker abertzalekoak prentsaurrekoa ematen, larunbatean, Izarraitzeko eremuan (Nerea Uranga)

Larunbatean, "udalean gehiengo bat osatzeko borondatearekin egindako akordio proposamenaren" berri emateko prentsaurrekoa egin zuen ezker abertzaleak

Besteak beste, Esklabetatik Azkune artekoa aisialdirako berdegunerako izendatzeko eskatu dute

Herriaren Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra egiten ari da Udala. Larunbatean, "udalean gehiengo bat osatzeko borondatearekin egindako akordio proposamenaren" berri emateko prentsaurrekoa egin zuen ezker abertzaleak, Izarraizpeko edo Esklabetako eremuan. Proposamen horrek "ehuneko ehunean" beraiek defendatzen dutena ez duela jasotzen ere onartu dute.

Corrugados Azpeitia enpresako labeak lekuz aldatzea eta lanpostuekin herrian mantentzea "herriarentzat lehentasunezkoa eta estrategikoa" dela dio ezker abertzaleak. "Labeak Lasaora aldatuta, gaur eguneko labeen tokian urbanizazio berri bat zehaztea lehentasunezkoa da plan orokorraren osaketan". Krisi ekonomikoa kontutan izanda, Corrugados enpresak lekuz aldatzeko izan ditzakeen zailtasunez "jakitun" direla diote. Horregatik, uste dute "Udalaren lehentasuna┬╗ izan behar duela Corrugados eta lanpostuak herrian mantendu eta leku aldatzea bultzatzea".

Oiarzabal eta Azkune eremuak "erreserba" bezala

Loiola inguruko Oiarzabal eta Azkune eremuak etxebizitzak egiteko gune bezala daude izendatuta gaur egun. Baina, ezker abertzalekoen proposamenaren arabera, bi gune hoiek "erreserba" izatera pasatuko lirateke. "Hau da, gainontzeko eremuetan jartzen diren helburuak aurrera atera ezin daitezkeenean bakarrik erabili ahalko dira", diote.

Aisialdirako berdegunea

Izarraitzko eremuan, Esklaben inguruan, egin duten proposamena hau da: Esklabetatik Azkunera arteko zatia ekipamenduetarako gordetzea; parke edo aisialdirako berdegune publikoa izateko. Hori aurrera aterako balitz, Esklaben atzean 150 etxebizitza egiteko prest leudeke, baina "atzean egin eta babes ofizialekoak baldin badira". "Eremu hori dena etxez betetzeak herria parke edo berdegune gabe utziko luke. Gainera, eremu horretako lurjabe nagusia udala da, beraz ekonomikoki proiektua egingarria da", esan dute ezker abertzalekoek.

Eremu horren inguruan EAJk eta EAk egin duten proposamenaz ere aritu da ezker abertzalea. "EAJk eta EAk Esklabetako eremua bi zatitan banatzea proposatu dute. Esklabetako aurrealdean eta atzealdean 200 bat etxe egitea proposatu dute, eta Esklabetatik Azkunera artekoa erreserba izendatzea". Baina, ezker abertzalekoen ustez, horren atzean beste "intentzio bat" dute, "Azpeitiko EAJren eta EAren proposamen horren barneko intentzioa, Izarraitzeko eremu dena etxez betetzea da, baina bi fasetan. Guztira ia 700 etxebizitza eraikiz".

Labeak lekuz aldatzea luzatzen bada, herriko gainontzeko eremuetan mila etxe egiteko aukera dagoela azaldu du ezker abertzaleak. "Horietatik erdiak baino gehiago babesekoak izango lirateke, beraz Izarraitzeko eremu dena etxez bete gabe etxebizitza premiari erantzuteko nahiko eskaintza badago", diote.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide