Ondo nago

Jose Luis Otamendi 2010ko uzt. 2a, 12:07

Azpeitiko parrokiako Soledadeko kaperan munduaren borobiltasunaren metafora ikusi duenik bada. XVI. mendeko berpizkundeko giroan eraikitako lan bikaina dela ezin uka. Artean Lurraren borobiltasun hori ez zen frogatu zaharra (1522), eta bazterrak franko ezagutu eta aberastasuna galanki eskuratzeko aukera etorri zen hortik.

Mundu berrien konkistan aurreko muturrean ibili zen Espainia, eta Espainiarekin euskaldun asko, tartean azpeitiar bat ere bai. Nicolas Saenz de Elola edo Nicolas de Azpeitia-ren hilobiak idatzita zekarren "Intrepido capitan y conquistador del Peru...". Hari zor diogu kapera zoragarri horren eraikuntza. Francisco Pizarrok laguntzaile izan zuen, inken azken enperadore izan zen Atahualpa azpiratzen eta bahitzen, milaka hildako eragin zuen sarraski handi baten baitan. Inkei lapurtutako altxor ospetsuaren banaketan hartu zuen Elolak ere bere partea.

Azpeiti-maitea izan zen Elola, inondik ere. Kaperaz gain, gramatika katedra bat jarri zuen martxan eta beste zenbait ongintza asmo abiarazi zuen, eta alkate ere izan genuen. Esan dugu, Perun ibili zen garaian beretzat hartu zuen herriaren izena, han Nicolas de Azpeitia da, eta bereganatu zituen lurraldeei ere Azpeitia jarri zien ondra. Gaur egun oraindik bada San Vicente de Azpitia herria Limatik 80 bat kilometrora, 350 inguru biztanlerekin.

Amerikaren konkistak Europa aberastu zuen eta historia modernoko garapena azaltzen duten faktore esanguratsuenetako bat da han bildutako urretza. Euskaldun askoren goratze ekonomikoa ere nekez esplika daiteke Amerikan burutu zen arpilatze sistematikorik gabe. Genozidio handi baten sinonimoa da aspalditik konkista hura guretzat.

Egundoko urre eta zilar mordoa ekarri bide zituen Elolak Azpeitira. Beste asko bezala, hura ere ez zen indigenen kontrako gerrek eta Amerikako baliabide naturalen ustiaketak sortutako negozioetatik oso aparte ibiliko.

Nongo diruekin egin dira, bestela, gure kapera ikusgarriak? Nongo urrez jantzi izan dira gure elizetako erretaula itsumen eragileak? Egingo nuke Amerikan falta den gehien-gehiena hemen dagoela oraindik.

Biktimak eta borreroak suertatu ziren konkistaren mende luzeetan: bizierak, hizkuntzak, kultura zabalak desagerrarazi ziren eta beste asko esklabo hartu. Euskaldunok ere badaukagu zeresana auzi honetan. Eta guretarrakia beti lubakiaren zein aldetan jarriko ziren igartzeak ez dirudi oso zaila.

San Vicente de Azpitiako bi agintari bisitan etortzekoak dira irailean. Parada polita izan daiteke Peruko puntatik datozenei, euren paraje haiei Azpeitiko izena jarri ziena nondik joan zen, zein izan zen eta han zertan ibili zen erakusteko: diru kontadore, idazkari, merkatari, soldadu, lehorreko arrantzaleĀ…

Hizpidera ekarri dugunez, egokiera aproposa datorkigu galdetzeko Elolak zer-nolako partehartzea izan zuen Amerikaren konkistan, zenbateko ardura duen bera bertan zela han gertatu zirenetan. Herri-maitea zela badakigu, Azpeitiari hainbeste ondasun eta onura lagata, baina esplikatu beharko diegu Azpitiatik datozen mandatari horiei, eta geure buruari aurrena, zeren eta zeinen kontura lortu zuen mezenas eskuzabal izate hori.

Elola gurea bada, agian hark egindako balizko desmasiengatik barkamena eskatzea ere tokatuko zaigu. Akaso Elolak Perun lapurtutakoa bueltatzen ere hasi beharko genuke, nola edo hala. Behar bada, handik etorritako ordezkariei horren guztiaren berri zehatza argi ematen ere ikasi beharko dugu.

Entzuna nago, gure txikitan, umeren bati zintzo egoteko agindu nagusiek eta "ondo nago!" erantzunez gero, gurasoek laster ematen zutela errespuesta ezeztatzailea, "Ondo nago Soledadean zagon/k", Elolaren hilobi dotorea gogoan.

Soledadeko kaperak munduaren borobiltasuna sinbolizatzen ote duen dioenik bada. Elolak, azken finean, aurkikuntza geografiko horri zor zion bere fortunaren zatirik handiena. Perfekzioa. Zirkulua. Alfa eta omega. Hasi eta amaitu. Jaio eta hil.

Bere borobiltasuna osatzeko, munduak, sortu zenetik, egia historikoaren eta zapalduen ahotsaren ezpala falta du hala ere. Historia bakoitzak, pertsonaia bakoitzak sortu behar lituzke bere galderak. Hala uste dut nik.

Hortik aurrera..., dagoela ondo gure Ondo nago bere jarleku ederrean.