Bahiketak eta EAJ

Miren Elustondo Izagirre (azpeitiko gazte independentisten izenean) 2010ko mai. 7a, 14:05

Iazko azaro amaieran Euskal Herria berri beldurgarri batek astindu zuen, lan politikoa egiteagatik 34 gazte atxilotuak izan ziren. Komisarian egondako denboran gehienak torturatuak izan ziren (kolpeak, poltsa eta emakumeen kasuan gehiegikeria sexualakÂ…) eta ondoren espetxera eraman zituzten. Olatz azpeitiko bizilagunaren bila ere joan ziren baina honek txakurrei aurrea hartu zien. Muga inposatua igaro eta duela hilabeteetatik Lapurdin bizi zen bizimodu publikoa eramanez, baina atzo arratsaldez Espainiar inkisizioaren aginduz Olatz eta beste 3 gazte atxilotu zituzten.

Bahiketa hau salatzeko Azpeitian hainbat ekimen egin dira baina antza denez EAJri ez zaizkio batere gustatu. Goizeko lehen ordurako atxiloketen salaketak kaletik ezabatuak izan dira. EAJk udaleko langileei emandako agindua argia da, lehentasun osoa du aldarrikapen politikoak kaletik ezabatzeak. Esango dute garbitasunagatik dela, kaleak txunkun mantendu ber direla, baina hara non dauden duela hilabete baino gehiagotik "skinheads" eta gisako leloak herriko paretetan! Esango dute iraingarriak zirela ("Olatz askatu! Segi aurrera!" iraingarria?) baina hara non egon zen "-pertsona baten izena- H.P paga" margoketa aste luzeetan ezabatu gabe. Arrazoia bestelakoa da. Arrazoia politikoa da eta Euskal gatazkaren aurrean EAJk duen jarrerarekin du zerikusia.

Beraiek eskubide guztiak defendatuko dituztela esanez hartu zuten alkatetza baina jada dozenaka kasutan izan dira hainbat azpeitiarren eskubideak urratuak eta EAJ isilik geratu da. Azken bi erasoak Pasaiako sarraskia argitzea eskatzeko ekimena eta Pausoz Pauso debekatu izana. Orain berriz herriko bizilaguna izan den gazte bat lan politikoa egiteagatik atxilotu dute eta EAJk ez du ezer esan. EAJko jauntxoentzat larriagoa da pareta bateko margoketa lan politikoa egiteagatik gazteak bahitzea baino. Lotsa sentitzen dugu, auzo lotsa.

Historian zehar EAJ bezala hainbat izan dira inperio, tirano eta diktadura bortitzenei babesa eman dieten talde edo herritarrak. Baina jarrera hau duina ez izateaz gain epe luzera fruitu ustelak ematen ditu. Inperio eta diktadura guztiak erori egiten dira eta orduan zama izaten da hauei lagundu izana. EAJri berriro eskatzen diogu espainiar inkisizioak gogorren jotzen duen honetan ez dezala inkisitzaileekin kolaboratu eta Euskal Herriaren interesen alde lanean has dadila.

Bukatzeko, Olatz eta gainerakoei elkartasuna adierazteaz gain dei egiten diogu euskal gazteriari independentziaren aldeko lanera, hau baita atxiloketa eta ukazio guztiei eman dakioken erantzunik onena. Euskal gaztedia ez dagoelako salgai.

Gora Euskal Herria askatuta!