Wolfgang Statt, pederasta ez, gure laguna

Jexux Lopetegi Luluaga 2010ko api. 9a, 18:04

Alemanian sortu du istilua, hats-gabetu arte ari zaio erasotzen gezirik barnerakoi eta mintsuenak erabiliz helburu duenari agresibitate piztiena egotziz pederastia zantzuekin batera. Orain, gainera, azpeitiarrok ere mintza gaitezen eskatu digu, salatu dezagun, eta mintzatuko naiz, bai, humanitatez, gizalegez, zentzuz, eta hainbeste aipatu dizkigun gertakarien ezagule nagusietariko bat bezala. Neure izenean bederen. Isiltzen denak bestearen iraina onartzen omen duelako.

Gure protagonista iraindua Wolfgang Statt da, Jesusen Lagundian botoak eman aurretik San Inazioren jaioterrira arrimatzen hasi zen kirolzale alemaniarra.

Inazio deunaren ama hizkuntza ikasteaz gain, Azpeitiko mutil kozkor mordoxka lagun eginik, filmetatik bakarrik ezagutzen genituen udalekuak antolatzen hasi zitzaigun laguna, Lamierritan, Xabierren, Leitzan... Prekarietate ekonomikoa eguneroko ogia zuten etxeetako gazteek ere joateko aukera zuten udaleku horietara, gutxiago ordainduta edo zenbaitzuk ordaindu gabe. Udaleku horietan elkarbizitzan eta lanen antolaketetan ardurak hartzen ikasteaz gain, mota guztietako kirol jarduerak antolatzen zizkigun, kultur eta aisialdi jolas ugarirekin batera. Beti gure identitate euskaldunarekin konplizitatean. Ohar, berri, toki eta arau guztiak euskaraz idatzita geneuzkalarik, Franco diktadorearen urrezko garaiak izan arren.

Baina hara non, gu udalekuetara eramaten gintuen bezalatsu Alemaniatik hona ere, gure etxeetan barreiaturik, oporrak gozatzera ekarritako gazte multzo horietako partaide batzuk, edo bat, bereziki, oldartu zaion munduko prentsa eta telebistetan, egin omen zituen ustezko bidegabekeriei salaketa andana jaurtiz. Bai!, ni ere jo ninduen, bizpahiru ipurdiko bortitz jaso nituen, eta ez irakurri dudanaren araberako hogei edo hogeita hamar, galtzak jaitsi edo jaitsi ezaren arabera.

Bai! Bi alditan jo ninduen, behin Xabierren eta Loiolan beste behin, baina.... Itzul gaitezen orain 40 urteko garaietara. Jabetu gaitezen 20-30 mutil kozkor eramaten zituela hamabost aldioro Xabierrera, adibidez. Beti barne arauak errespetatzeko baldintzapean, bertako jesuitei bakea hautsi ez geniezaien. Isilik ibiliz eraikin barruan eta bertakoentzat izendatutako eremuak errespetatuz.

Noski, gu mutil eta kozkor, beti muga erpinean ibili beharreko adina, eta halako batean, nola ez, geure jolasetan esploratzaile bilakatu toki debekatuetan guztionak ziren jolas tresnak hautsita gainera. Hortik etorri zen nire lehen zigorra, beste hiru lagunekin batera jaso nuena. Bidegabekeria? Agian horrela jokatu ez balu ez genuen ondorengo urteetan udaleku berrietarako toki egokiaren baimenik izango. Baina zigorrek ez zuten inoiz beste inolako ukitu edo antzeko laztan lizun erantsirik izan. Hori garbi!

Eta sexu gehiegikerian kokatzen dut idazkiaren muina, zeren nago jotzea, historikoki, ia oraintsu arte inor hezteko erabili izan den tresna erabiliena izan dela, geroak gaitzetsi izan badu ere.

Jaso ditudan ipurdiko guztiak aspaldian barkatuta daude, agian akatsa neurrian eta intentsitatean bakarrik izango zutelako. Gainera, gaztaro hartan Wolfgangekin elkartu izan ginen azpeitiar jendea sondeatuta, ziurta dezaket pertzepzio bertsua dutela gaiarekiko, norbaitek bere garaian behar baino ipurdiko gutxiago jasota modu basatienean tragedia higuingarri bilakatu nahi badu ere.

Baina, tentuz! Paranoia batek inor piromano sozial arriskutsu bilaka dezake. Ezin digute bigarren inkisizioa praktikatu ebidentziarik gabeko istiluzale oportunistek inpunitatearen podiumetik jaurtitako amorruekin, edo inor elbarritu bere ohore eta duintasunean hilobiraino eramango duen tatxa bat marraztuz. Jada 51 urteren bizipenak maisu, Wolfgang bezalako pertsonak baloratzen ikasi dut, eta nire esker onaren palkoan eramaten. Hutsetik abiatuta gauzatu zizkigun zorion une eta guneak oroitzapenean.

Amaitzeko, aspaldian bisitatu ez gaituzten Wolfgangeri, bere emazte eta alabari iraungitzen ez zaien gure etxeetako gonbidapena berretsi, jesuiten sorleku den Azpeitian ez dugu beste bat geureagorik.