113 balazulo

Xabier Euzkitze (Noticias de Gipuzkoa) 2010ko mar. 22a, 14:03

.26 urte atzera jota, giro nahasi eta bortitza bizi zuen Euskal Herriak. Hainbat gertakari odoltsuren artean, Komando Autonomo Antikapitalistek Enrique Casas buruzagi sozialista hil berria zuten. ETAk artean ez zuen hautetsirik hiltzen eta Herri Batasunak ere oso gogor gaitzetsi zuen gertakari hura. Atentatu anker hartatik hilabetera, mendeku usaineko ekintza odoltsu eta koldar bat burutu zuen Guardia Zibilak Pasaiako badian. Lau egun lehenago, Rosa Jimeno komandokidea atxilotu zuten, baina inon ez zuten atxiloketaren berri eman. Honela kontatzen du Rosak berak: “Lantokira eta etxera deitzera behartu ninduten eta Donostian nengoela kontatu nien, lagun baten etxean. Haurdun zegoela eta hari laguntzen geratuko nintzela egun batzuetan. Hori guztia pistola buruan jarrita nuela”. Rosa amu gisa erabili zuen Guardia Zibilak, Pasaian komandokideei hitzordu bat jartzeko. Martxoaren 22an, gaueko 10etan, Lapurditik bost lagun joan ziren Pasaiara, zodiac batean. Rosa soka batez lotuta zeukaten. Hark egindako keinua ikusirik, hurbildu egin ziren. Ingurua poliziaz beteta zegoen eta ez zieten erreakzionatzeko astirik eman. Lehen tiro-jasak bi lagun hil zituen, Pelu eta Pelitxo. Gainerako hiru lagunak bizirik eraman zituzten harkaitz baten gainera. Izenak galdetu eta gero, Joseba Merino bereizi zuten, Casasen ustezko hiltzailea. Honek dioenez, beste biak, Kurro eta Txapas, metro bat edo biko distantziara tirokatu zituzten. 113 balazulo zenbatu zituzten forentseek hildakoen gorpuetan.

Inguru guztia harturik, une batetik bestera dena argiztatzeko prest, lehorretik nahiz uretatik ihesbide denak itxita… Guardia Zibilak baliabide guztiak eskura zituen komandoko kideak tiro egin beharrik gabe atxilotu ahal izateko. Tiroketa alde bakarrekoa izan zen, komandoko kideek ez zuten armarik erabili. 113 balazulo. Zalantzarik uzten ez duen datua. Probintzia-auzitegiak delitu zantzuak atzeman zituen, baina defentsak auziak preskribatzea du xede. Operazio garbia eta legezkoa izan bazen, zergatik ez epaitu?

--

Hemen Xabier Euzkitzek Noticias de Gipuzkoa-n idatzitako iritzi artikuluak.

Hemen Pasaiako segadaren 20. urteurrenean Pako Aristik Uztarria herri aldizkarian egindako kronika.