Alaia Martinek irabazi du V. Erniarraitz Sariketa

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 15a, 10:03
Alaia Martin bertsolaria, herenegun, txapela jantzita. (Nerea Uranga)

Leporaino betetako Azpeitiko Gaztetxean jokatu dute bertsolari gazteen txapelketako finala

Asier Azpirozek irabazi zuen bertso onenaren saria, hamarreko txikian kantatutako lehen bertsoagatik

.V. Erniarraitz Sariketako txapela Alaia Martin oiartzuar bertsolariarentzako izan da. Azpeitiko Gaztetxean jokatu zuten finala, herenegun. Leporaino bete zen Gaztetxea; 350 ikusle bildu zituen finalak. Saioan parte hartu zuten bertsolariak animatzeko pankartarik ere bazen Gaztetxean jarrita. Honakoa zioen Nekane Zinkunegi errezildarra animatzeko jarritakoak: Erniarraitzeko txapela Erniopea! Egurra Nekane.

Aurreko kanporaketetan bezala, giro ederra izan zen finalean ere. Jokin Urangak aurkeztu zuen emanaldia eta Xabier Azpillagak, Xabier Olaizolak eta Manuel Agirretxek osatu zuten epaimahaia. Saioa bukatu ostean koplaka jardun zuten finalistek, epaimahaiak erabakia hartu bitartean.

Alaia Martinek, Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kide Ixabel Jauregiren eskutik jaso zuen txapela. Txapelunordea, Unai Gaztelumendi añorgarra izan zen, eta Azpeitiko Udalak emandako saria jaso zuen, Kultura Batzordeko Leire Lazkanoren eskutik. Finaleko bertso onenari Urola Kostako HITZAk emandako saria, berriz, Asier Azpirozek jaso zuen, egunkariko zuzendari Leire Ventasek emanda. Bertso onena, Azpirozek hamarreko txikian kantatutako lehen bertsoa izan zen.

"Jendearen erantzuna ona izan da saio guztietan, gehiago ezin da eskatu. Bertsolariek ere gauza politak egin dituzte, kontutan izan behar da zein adinetako bertsolariek parte hartzen duten", adierazi zuen Erniarraiteko kide Laxaro Azkunek. Epaimahaiko kide Xabier Azpillagak esan zuenez, "gutxi azaltzen diren bertsolari batzuk azaldu dira Sariketan".

Urolako bertsogintza hizpide

Elkartearen 10. urteurrena ospatzen jarraituko dute aste honetan, Bertso Astearen baitan mahai-ingurua eginez. Josu Azpillaga moderatzaile dela, Bertsolaritza Urola bailaran, historian zehar izango dute hizpide Jokin Iturriotzek, Imanol Lazkanok eta Jokin Urangak. Gainera, Erniarraitzen urtemugako bideoa ikusi ahal izango da bertan.

V. ERNIARRAITZ SARIKETAKO SAILKAPENA

  • 1. Alaia Martin.263 puntu.
  • 2. Unai Gaztelumendi.254 puntu.
  • 3. Maialen Velarde.253 puntu.
  • 4. Asier Azpiroz.251,75 puntu.
  • 5. Beñat Iguaran.251 puntu.
  • 6. Nekane Zinkunegi.246,75 puntu.