PNV gezurretan

Garikoitz Armendariz eta Aritz Arzallus, AMNISTIA danbor taldeko ordezkariak 2010ko ots. 1a, 10:02

Javier Altuna Udaleko festa batzordeko buruak, San Sebastianetako helduen tanborradaren inguruan egindako balorazioa gezurretan oinarritzen da.

Tanborradan arrakasta handiz egindako ekimena, danborradako taldeen gehiengo zabalak adostutakoa izan zen.

Jabier Altunaren esanetan, pankartarik ez jartzeko erabakia adostu zen tanborradako taldeen artean. Gezur borobila da. Danbor taldeen bilera guztietan parte hartu dugunez gero, esan dezakegu bilera horietan danbor taldeen artean egin zitekeen ekimenaren inguruan bakarrik hitz egin zela. Eta ez dela inolako aipamenik egin pankarta edota presoekiko elkartasun kideen parte hartzeari buruz.

Esan nahi dugu, pankarta jarriz aldarrikapenak egitea edozein eragile sozial nahiz politikok beharko lukeen gutxieneko eskubidea dela. Danborradako taldeen artean, adierazpen askatasuna ukatzeko erabakia hartu nahi izatea bera ere astakeria handia litzateke.

Danborradan arrakasta handiz egindako ekimena, danborradako taldeen gehiengo zabalak adostutakoa izan zen. *Konponbidea – elkarrizketa - Euskal Herria - hitza eta erabakia - bakea* zioen pankarta zabaldu eta bizi dugun gatazka politikoaren ondorioak sufritzen dituzten guztiekin gogoratuz minutuko isilunea egin zen. Beste behin ere, aldarrikapenak eta festa giroa uztartuz erakustaldi eredugarria eman zuten herritarrek.

Bestalde, PNVko kideek ekimen honen inguruan sortu nahi duten nahasmena agerian utzi nahi dugu. Hasiera hasieratik, oso kudeaketa kaxkarra egin du udaleko festa batzordeburuak. Danborradako bileretan bere gain hartutako ardurak utzikeria handiz gestionatu ditu eta bat baino gehiago izan gara bere atzetik ibili behar izan dugunak. Eta orain guztia pasata, zertara dator gezurretan oinarritzen den balorazioa? Ez ote dute danbor jotzaileen gehiengo zabalak erabakitako aldarrikapenarekin bat egiten?