Olentzeroren etorrera eta abesbatzen Jaiotza, Gabon egunerako hitzorduak

Olentzero eta Mari Domingi kalejiran ibiliko dira bihar, osteguna, 17:15etik aurrera

Jaiotzarekin, berriz, 18:30etik aurrera ibiliko dira kantuan

Gabon eguna kantu eta festa giroan dator aurten ere. Bihar dozenaka izango dira gabon kantak abestuz hara eta hona ibiliko diren herritarrak, goizetik gaueraino.

Festa giroko ekitaldiak ere ez dira faltako, horiek ere musikaz eta kantuz hornituta. Arratsalde-iluntze partean, hain zuzen, bi hitzordu izango dira kaleetan: Olentzeroren etorrera eta Jaiotzaren kalejira.

Olentzero, Mari Domingirekin batera, idi eta gurdiarekin iritsiko da herrira, ttuntturroak eta musika eskolako soinujoleak laguntzaile dituela. 17:15ean hasiko dute kalejira Arana kaletik eta, alde zaharrean barrena ibili ondoren, 17:45-18:00ak aldera iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi plazara, han herritarren ongietorria jaso eta hitz batzuk egiteko. Azken orduko gutunak ere jasoko dituzte, eta gaztaina erreak dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

18:30ean, berriz, Julian Barrenetxea Abesbatzak eta Parrokiko Abesbatzak ateratzen duten Jaiotzaren txanda izango da. Abesbatzetakoek ez ezik, hainbat herritarrek ere hartuko dute parte, Plaza Txikitik abiatu eta Goiko kaleko plazatxoan amaituko duten ibilbidean zehar gabon kanta ezagunak kantatzen.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide