Imanol Elias: "Antzerkiaren barruko saltsa hori apartekoa da"

Urola Kostako Hitza 2009ko aza. 16a, 10:11

Hilaren 21ean Euskal Antzerki Topaketetako Txalo Saria jasoko du Imanol Eliasek

Azpeitiko antzerkigintzan egindako lana eskertu nahi diote era horretan

Datorren larunbatean XXVII. Euskal Antzerki Topaketetako Txalo Saria emango diote Imanol Elias Odriozolari (Azpeitia, 1936). Azpeitiko antzerkiaren eta antzerkizaletasunaren sustatzaileetako bat izan da Elias: Jaunaren bideetan antzezlanean zuzendari jardundakoa; Oargiko antzerki taldean ibilitakoa; Antxieta Antzerki Taldearen sortzailea; Euskal Antzerki Topaketen sortzailea; eta, 40 antzezlan inguru ditu idatzita. Ebakuntza bat egin berri diote eta "susto galanta pasatu" duela dio. Baina, umoretsu dago, berriro eguneroko egitekoetara itzulita: ogia eta egunkaria erosi, kafea hartzera irten... "Lehen Francoren mende egon ginen eta orain, berriz, pila baten mendean", esanez hartu du.

Azpeitia eta antzerkiaren arteko harremana, Imanol Eliasik gabe ezin ulertu. Ez al da horrela?

Beno, garai batean bai igoal, baina gaur egun ez nuke esango hori horrela denik. Gerra ondorengo isiltasun horretan, dena geldi-geldirik zegoen. Orduan, lehengo zaharrek herrian aurretik egindako antzerkiak ekartzen zituzten gogora. Sasoi hartan, antzerki denak erderaz egiten ziren, luistarrekin. Alde batetik, emakumeek, eta bestetik, gizonezkoek egiten zituzten antzezlanak, batera inoiz ez. Geldialdi hartan, Oargi sortu zen eta zerbaitetan hasi behar genuela erabaki genuen. Dantza taldea sortu zen, baina dantza ez zen niretzako. Halaxe, antzerkian hasi ginen eta hura gustatu egiten zitzaidan, beste mundu bat zen. Orduantxe hasi ginen buru-belarri antzerkiarekin: lehengo zaharrekin hitz egin eta antzezleak bilatuz. Nahiz eta aurretik erderaz jardundakoak izan, artistak ziren haiek antzerkian.

Gizarteko giroak eragina izango zuen antzerkian ere ezta?

Giro zaila bizi genuen sasoian hasi zen antzerkirako mugimendua. Antzerki saioa antolatu eta gezurretan ibiltzen ginen zeinek antolatu zuen azaldu behar genuenean. Grupo Artistico Azpeitiano izenarekin eskatzen genituen baimenak, baina azpitik beste idea batzuekin jokatzen genuen. Izen horrekin balekoa jasotzen genuen eta aurrera. Egin genuen lehen antzezlana, Damuba garaiz izan zen, gizonezkoak eta emakumezkoak elkarrekin antzeztu genuen aurreneko aldia izan zen. Hori zaila egiten zitzaigun oso: neska bati bizkarretik heldu eta agertokira azaltzea oso zaila egiten zen. Hura zen hura ezina! Urte batzuk lehenago, Azpeitira Zarauzko talde bat etorri zen Itziarko ama^ lana egitera. Han, Alberto Agirrezabal zarauztarrak egiten zuen lan, hura ezagutzen nuen, eta antzerki bat egiteko ekarri nuen. Berak hala esaten zidan: "Imanol esku hoiek ere zeozertarako izango dira ba".

Gero, atzetik, beste antzerki piloa etorri zen. Ni soldaduskara joan nintzen, baina bitarte horretan ere antzerkiak egin ziren Azpeitian.

Ondoren, ni institutuan maisu nengoela, han ez zegoen euskaraz pentsatzerik ere, eta erdarazko antzerkia egiten hasi ginen mutil koskorrekin; hiru edo lau egin genituen. Artista batzuk sortu ziren: Abel Izagirre Txapa txikiye, Luis Mari Galdos... Gure orduko asmoa antzerkia barrutik zer zen erakustea zen. Gauza bat baita jendeak kanpotik ikusten duena eta bestea antzerkia barrutik ikustea. Horrek zaletasuna sortu egiten zuen eta institutuan nire nahia antzerki giro horretan mugimendu bat sortzea zen, nahiz eta erderaz jardun.

Eta zuri nondik datorkizu antzerkirako zaletasuna?

Ni bost urtez salestarrekin egon nintzen ikasten, Deustuan. Salestarrek beti landu izan dute arlo hori, jaialdiak eta antzerkiak eginez. Ikasten nengoen garaian hiru urtean antzerkian ibili nintzen, maisuak ere bazeuden antzerkia erakusten zigutenak. Orduantxe sortu zitzaidan antzerkirako grina hori. Antzerkiaren barruko saltsa hori zer izaten den ikusi nuen; hori apartekoa da. Gogoan dut, Azpeitian Sendagai traketsa lana egiten ari ginela, Txapa txikiye-k linternarekin beste bati begietan begiratzen zion garaian, han egoten zen Juanito Bikendi agertokiaren atzetik begira eta barrez itotzen, Txapa-k nola antzezten zuen ikusita. Beste giro bat egoten da barruan: hango urduritasuna, ezin heldu denera... Hori apartekoa da.

Antzerkian egin ez duzunik ba al da? Aktore, zuzendari, sustatzaile, idazle... Hainbat lanetan ibilitakoa zara.

Trasteak jasotzen eta ateratzen ere ibilitakoa naiz. Behin Zaldibitik deitu ziguten antzerkia egitera joateko. Azpeitian kafea hartu eta hara eguerdiko 14:30ak alderako joan ginen. Iritsi eta antzeztuko genuen lokala ikustera joan ginen. Izugarrizko aldapa eta eskailera piloa igo behar ziren antzeztokira iristeko. Igo goraino eta antzeztu behar genuen tokiko sabaia erori beharrean zegoen. Baldintza haietan ezin zela han antzeztu eta etxeak egiten ari ziren obra batera joan ginen, puntalak hartu, eta sabaiari eusteko jarri genituen ezer egiten hasi aurretik.

Antxieta Antzerki Taldearen sorreran ere tartean izan zinen.

Oargi bukatu zen eta geldialdi bat etorri zen. Potxolo-ri omenaldia egin behar zitzaiola eta neuri deitu zidaten hura zuzentzera joateko. Horrelaxe hasi ginen berriro ere antzerkiarekin eta taldearekin. Utzita edukitzen duzu, baina berriro ere haraxe joango zinateke. Baina orain ez, nahikoa egin dugu.

Beti, ordea, antzerki amateurrean ibili zara. Antzerkian zaletasunez ibiltzeak denbora asko eskatzen al du?

Meritua horrek dauka. Denak lanean jardun eta gero egunero-egunero entseguetara joaten dira. Nik Juanito Bikendi jartzen dut adibide bezala: fundizioan jardun, han jarduten zuen beltz-beltz eginda; gero handik irtendakoan, etxez etxe egurra banatzen ibiltzen zen, gurdiarekin; hura bukatu eta antzerkiko entseguetara joaten zen. Hari nekea antzeman ere ez zitzaion egiten, makina bat haserrealdi izango zuen, baina entseguetan izugarriak egiten zituen. Hori bai dela izugarrizko meritua: aurrena papera ikasi eta gero entseguak egunero-egunero. Nik Antxieta etxean egiten nuen lan eta bertan egiten genituen entseguak. Afaltzera ere ez nintzen etxera joaten, emazteak hara otartekoa eta botila batean ardo pixka bat eramaten zidan. Entseguetan, denak han ibiltzen nituen botilaren bueltan. Joxe Aizpuru Jaka-k izugarrizko taldea muntatu zuen El verdugo de Sevilla antzezlana egiteko. Sierbetarako diru pixka bat ateratzeko asmoarekin egin zuten. Han ziren han pertsonaiak: Bixente Prakaundi, Iturriotz, Antzi... Antzerkiak oso-oso ondo irteten zuen. Baina orduan ere iluntzero Jaka-k dendatik garrafoi ardoa, pikuak eta abarrak eramaten zituen entseguetara. Artistak haiek ziren, haiek. Gero, handik batzuk euskarazko antzerkia egitera pasatu ziren eta beste batzuk ez.

Sortutako gastuei aurre egiteko diru askorik ere ez zen izango......

Antzerki amateurra, herrian sortutako eta lagun mordoxka bat zuen taldea izan da. Haiek denak mugitzea, euren lana utzi eta iluntzero-iluntzero entseguetara etortzea, ez dago diruarekin ordaintzerik, ikaragarria da. Eta ezer ere ez kobratzeko gainera! Hemen, Jaunaren bideetan antzeztu zenean bezala: lehenengo urtean arropak ordaindu behar ziren eta dirurik ez zen gelditu soberan; bigarrengoan ere ez zen soberakinik; eta, hirugarrengoan diru pixka bat gelditu zen eta jatordu bat egin genuen Aizarnan.

Antzerki profesionalera heldu diren asko ere amateur bezala hasitakoak dira. Antzerki Topaketak sortu zirenean ere horixe zen asmoa, herrietan talderen bat sortzea eta horiei lekua egitea. Orain antzerki amateurrak bete duen bide hori batik bat eskoletan egiten ari da, antzerki eskolekin.

Euskal Antzerkiaren Topaketak XXVII. aldia dute aurten. Topaketen ideia nondik sortu zitzaizuen?

Topaketen ideia geure artean, Antxieta taldean sortu zen. Garai hartan neu nengoen alkate eta Kulturako zinegotzia Maria Jesus Aranburu zen, harekin hitz egin nuen eta Udaleko gainontzekoei proposatu genien asmoa, besteek ere baiezkoa eman zuten. Horrelaxe hasi ginen, Kutxari diru pixka bat eskatuta. Ia ezer gabe hasi ginen baina sei talde amateur etorri ziren aurrenengo hartan. 0rdutik, ordea, aldaketa handiak izan ditu Topaketak. Gaur egun euskal antzerkiaren erakustaldi moduko bat da, denak eboluzionatzen du, baita Topaketak ere. Baina sortu zirenean ez zen hori Topaketen gaia.

Azpeitian antzerkirako zaletasun handia dago. Zerk eragin du hori?

Jaunaren bideetan antzezten zen garaiak, ondoren Oargiko taldea ere sortu zen. Garai hartan, jendea ez zen antzezlanak ikustera bakarrik joaten antzerkira, kontra egiteagatik ere joaten zen. Antzerkia egiteko baimena eskatzeko testua bidali behar izaten genuen. Ondoren, igoal, orri bat edo beste kendu behar zela esanez agindua etortzen zen. Guk aginduari kasurik egin gabe egiten genituen antzezlanak. Oztopo piloa jartzen zuten orduan. Azkoitira antzerkia egitera joateko ere, aurrena hango alkateari idatzi eta berak baimena eman behar zuen, gero Turismoko Ministerioan eskatu behar zen baimena. Halako oztopo batzuk bazeuden, baina egin behar genuela esan eta egin egiten genituen. Antxieta taldearekin ere herrian halako ukitu bat eman nahi izan zitzaion antzerkiari, euskal antzerkiari. Bolada batean urtero-urtero antzezlanen bat estreinatzen genuen, saninazioetan Azpeitian egiten genuen eta Azkoitian sanandresak hasi aurretik. Horrelakoek giroa sortzen dute. Ni orain ez naiz joaten antzerkira, jada atsedena nahi dudalako.

40 antzezlan ere badituzu idatzita. Oraindik jarraitzen al duzu idazten?

Sortu egiten da gairen bat eta beti egiten da zerbait. Azken bi urteetan idatzi ditut azkeneko bi lanak: bat dramatikoa da eta bestea ipuin antzeko bat. Batzuetan barre egiteko dira eta bestetan beste era batekoak ere bai, drama estilokoak. Denak ez direla ezagutzera eman? Zaila da, gaur egun profesionalek batik bat idazle ezagunen lanak aukeratzen dituzte, eta haiek euskaratzen dituzte. Bertako idazleentzat zer? Topaketen sorreran ere hori lortu nahi zen: euskaraz sortutako antzerkiak egitea nahi zen. Baina ideia hori galdu egin zen. Topaketen lehenengo urtean bakarrik errespetatu zen. Handik aurrera edozein etortzen da eta edozeinek egiten du, edozeinen obrak ekarriz. Baina, beno, jarraitzen dute Topaketak egiten, eta horrek balio du.

Zuk sortutakoak, denak helduentzako antzezlanak al dira?

Ez, haurrentzako edo gaztetxoentzako antzerki motz batzuk ere idatzita baditut, eta batzuk Azkoitian ere egin izan dituzte, bai hango ikastolakoek, baita Floreaga ikastetxekoek ere.

Idatzita bai, baina horiek gero antzeztu egin behar dira, ezta?

Antzerkia idazteak ez du ezer ematen. Gero, ikusten baduzu idatzitako hori agertokian, orduan zera bat sentitzen da. Zuk pertsonaien ahotan jarri dituzun hitzak esaten hasten direnean orduan konturatzen zara hura zuk sortutakoa dela. Zuk idatzitako antzerki bat ondo eginda ikusten denean gustura sentitzen zara. Baina batzuetan zuk adierazi nahi ez zenuena ikusten da eta orduan... Orain urte batzuk, Ereintzakoek Urkiola lana egin zuten. Idazlana saria lortutakoa zen Durangon, Antzerki serioa zen, leienda moduan idatzitakoa, sorginen garaikoa. Baina Ereintzakoek antzeztu zutenean zerbait falta zitzaiola iruditu zitzaidan, ez zioten nik nahi nuen ukitua eman. Nik uste dut lan hura Azpeitian egindakoa balitz beste zerbaitek irtengo zuela, gogorragoa, indartsuagoa.

Istorioak sortzeaz gain, historiaz ere asko idatzi duzu. Lan horrekin segitzen al duzu?

Aspaldian ez dut gauza handirik egin, baina zebaitetan beti jarduten dut. Azpeitiko historiari buruzko liburua egin nuen, baita Azkoitikoa ere. Denbora eskatzen du. Ni hiru bat hilabetean Oñatiko artxiboan egongo nintzateke gustura; gainera, bertara jatekoa eramango balidate nahiago. Baina ez dago hori egiterik. Azkena, Azpeitiko Parrokiako Soledadeko kaperaren berri bilatzen ibili naiz, Oñatira hiru-lau aldiz joan naiz. Neuk autorik ez dut eta lagunek eraman naute hara. Han, Gipuzkoa guztiko protokoloak daude eta Azpeitiko liburu piloa. Hara joan eta zerbait bilatzen duzu eta jarraian beste zerbait; pixkanaka-pixkanaka beste mundu bat zabaltzen da. Datuak jaso, hona kaperara etorri eta han bilatutakoak hemen ikusi egiten nituen. Hori ikaragarria da.

Pertsonaia kuriosoa izango zen kaperaren jabea. Perun bilatu dut herri txiki bat, Azpeitia izena zuena. Han esaten dutenez, kaperako jabe hura Peruko herri hartan izan zen eta berak jarri zion izena herriari. Antza denez, basamortu inguruko herria zen; 30 bat lagun elkartu eta Gobernuaren baimenarekin ura sartu zuten. Gaur egun mahastiak eta sagarrondoak omen daude. Kuriosoa da. Herriari izena jarri ziona azpeitiar soldadu bat izan zela diote hangoek. Hango historialariekin hartu-emanetan nago, Internet bidez. Lehen ez nuen batere gogoko Internet kontu hori, iruditzen zitzaidalako horretan hasiz gero beste ezer ez nuela egingo. Baina, beti zerbait berria ikasten denez, horretan ere ibiltzen naiz orain. Behintzat, geldirik ez naiz egoten, beti zerbaitetan jarduten dut. Gainera idazteko inoren beharrik ez dut izaten, neu bakarrik nahikoa naiz.