Topaketen baitan, Antzerkiaren Azoka egingo dute gaur

Urola Kostako Hitza 2009ko aza. 13a, 09:11

Gaur, Udal Euskaltegiaren 25. urteurrena ospatzeko Euskarazetamol antzezlana izango da

Emanaldia 18:00etan izango da Izarraitz pilotalekuan

XXVII. Euskal Antzerki Topaketen baitan, Antzerkiaren II. Azoka Eguna antolatu dute gaurko. Lau antzerki emanaldi ikusteko aukera izango da, Ikasberri Azpeitiko Ikastolan, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain eta Izarraitz pilotalekuan. Gainera, antzerkia jendartean zabaltzeko helburuarekin antzerki munduko profesionalei zuzendutako mahai-ingurua egingo dute, 12:30ean, Enparan Dorretxean.

Topaketetan, iaz antolatu zuten aurreneko aldiz Azoka Eguna. Aurten ekimenarekin jarraitzea erabaki dute. "Antzerkiaz hausnartzeko aukera ere eskaini nahi dugu, eta iaz ekindako bideari jarraituko diogu. Era honetan, sektoreko eragileek euren lanak elkartrukatzeko aukera izango dute, besteak beste", diote Udaleko Kultura Batzordeko arduradunek.

25. urteurrena ospatuz

Azpeitiko Udal Euskaltegiaren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldi zerrendako bigarren hitzordua izango da gaur Antzerki Topaketen baitan. Ez Dok Hiru Bikoteatroaren Euskarazetamol lanarekin bi ekimenak uztartuko dira. Emanaldia 18:00etan da, Izarraitz pilotalekuan.