Agustin Sagasti zenaren Azpeitiko garaipen hura

Uztarria.com, Berria.info 2009ko aza. 10a, 09:11
Agustin Sagasti, 1994ko apirilaren 7an, Euskal Herriko Itzuliko bosgarren etapan garaile sartzen Azpeitian.

Euskadi taldearentzat hark irabazi zuen lehenengo etapa: 1994ko Euskal Herriko Itzulian, Loiolako etorbidean

Txirrindulari ohia atzo zendu zen Mungian, 39 urte zituela; etxean aurkitu zuten hilik

Agustin Sagasti txirrindulari historikoa izan da Euskadi Fundazioarentzat, hark lortu zuelako lehen garaipena taldearentzat. Azpeitian izan zen, 1994ko apirilaren 7an Euskal Herriko Itzuliko bosgarren etapan (Bera-Azpeitia, 121 kilometro). Ihes eginda heldu zen helmugara, Loiolako etorbidera.

"Orio aldean jo nuen erasoa. Gelditu egin zen tropela, eta orduan egin nuen aurrera. Etapa irabazteko asmorik gabe, jakina; hori utopia zen niretzat". Helmugan ez zuen besorik ere altxatu. "Ihesean nindoala, garaipenean pentsatzeko astirik ere ez nuen eduki. Hainbestekoa zen presioa, autokoen oihuak, helmugako marra igaro beste helbururik ez neukala", zioen Berria-n duela urte. "Garai hartako txirrindularitza zeharo ezberdina zen, kontrolatuagoa. Tropelarekin bidea eginez gero, konforme ginen. Are gehiago gure taldea, hasiberria baitzen. Pentsa, alboan Miguel Indurain, Claudio Chiapucci eta Toni Rominger ikusita, zer egin behar nuen, 23 urterekin?". Romingerrek irabazi zuen itzuli hura.

1993an sortu zuten Euskadi Fundazioa, San Inazio egunez, Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako batzarrean. Hamalau txirrindulari —Sagasti tartean—, 785.000 euroko aurrekontu xumea, 13.000 bazkide. Euskadik hamar urte bete zituenean -2003an-, Miguel Madariaga taldeko managerrak zioen Sagastirena izan zela ordura arteko "garaipenik politena".

1995ean auto batek harrapatu zuen Sagasti, eta larri egon zen. Osatu egin zen, baina erretiroa hartu behar izan zuen 23 urte eskasekin. 2008an, Euskadiren hamabosgarren urteurrenean, omenaldia egin zioten.

Atzo (astelehena) hil zen Sagasti, etxean, Mungian. Bakarrik bizi zen eta egunero gurasoen etxera joaten zen bazkaltzera. Atzo, azaltzen ez zela-eta, ama arduratu egin zen eta semearen etxera joan zen, ea zer gertatzen zitzaion jakitera. Hilda topatu zuen. 39 urte zituen.

Bihar egingo dute hileta elizkizuna Mungian, San Pedro elizan, 19:00etatik aurrera.