Euskal Antzerki Topaketek hilabete osoko egitarau oparoa ekarriko dute

Urola Kostako Hitza 2009ko aza. 4a, 10:11
XXVII. Euskal Antzerki Topaketen aurkezpena atzo, Azpeitiko udaletxean.

Imanol Eliasi emango diote Euskal Antzerki Topaketetako Txalo Saria

Ostiralean hasi eta hilaren bukaera bitartean 24 antzezlan izango dira Izarraitz pilotalekuan

Ostiralean hasiko dira XXVII. Euskal Antzerki Topaketak. Hilabete osoan zehar 24 antzezlan ikusteko aukera izango da Topaketen baitan. Txalo Saria, berriz, Imanol Elias Odriozola azpeitiarrari emango diote, hilaren 21ean, udaletxean egingo den ekitaldian. Udalekoen esanetan, "asko du Azpeitiko antzerkiak Imanol Eliasi eskertzeko. Antzezle, zuzendari eta egile, herriko antzerki giroaren parte-hartzaile, lekuko eta sustatzaile izan da Elias".

Ohi bezala aurten ere "euskal antzerkiaren aldeko apustu garbia" egin da Topaketetan, Ana Mendizabal Udaleko Kultura zinegotziak esan duenez. Talde profesionalek ekarritako lanez gain, talde amateurrenak ere izango dira Topaketetan. Antzerkirako sarrerak bost euro balioko du, baina erretiratuek, haurrek eta langabetuek bi euro ordainduko dute.

Bi estreinaldi

Antzezlanak bai helduei eta bai haurrei zuzendutakoak izango dira, eta bi estreinaldi izango dira tartean: Agerre Teatroa taldearen Doltza antzezlana eta Lakrikun taldearen Prest gaude! Agerre teatroko Maite Agirrek esan duenez, "gure estreinaldia oso berezia izango da". Doltza lana otsailean estreinatzeko asmoa dute eta Topaketetakoa aurre estreinaldia izango da. "Topaketetarako prestaketa bat da Azpeitian egingo duguna. Oso gauza polita daukagu eskuartean", dio Agirrek. Lan berri honetan, antzezlan bat prestatzeko talde batek bizi dituen gorabeherak kontatzen dituzte, "antzezlan bat barrutik ikusteko aukera eskainiko dugu, On Kixote liburuaren pasarte batzurekin lotuta".

Lakrikun taldekoen lan berria, Greban gaude antzezlan arrakastatsuaren segida da. Hala dio Alaitz Olaizola taldekideak eta aktoreak: "Greban egon gara, eta oraindik ere bagaude, eta oraingo honetan otu zaigu prest ere bagaudela. Irrika horrekin, gure lana ikustera eta une atsegin bat pasatzera etortzeko gonbidapena luzatzen diegu ikusleei". Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerrekoek, berriz, Autobusaren zain II lana egingo dute Topaketetan. Olaizolaren esanetan, "maiatzean estreinatu genuen lana eta orain bigarren eta azkenengo aldiz egingo dugu".

Euskal antzerkiaren eskaintza zabalaz gozatzeko aukera izango da Topaketen baitan, baina euskal antzerkiaz hausnartzeko denbora ere hartuko dute. Horretarako Antzerkiaren II. Azoka Eguna antolatu dute, hilaren 13rako. Egun horretan, sektoreko eragileek euren lanak elkartrukatzeko aukera izango dute. Gainera, egun horretarako, arte eszenikoen eta dramatikoen programatzaile profesionalen mahai-ingurua antolatu dute Enparan Dorretxean.

Aurtengo Euskal Antzerki Topaketak iragarriko dituen irudia Valentin Garcia azpeitiar disenatzaileak egindakoa da, horrexek irabazi baitzuen kartel lehiaketa. Atzo jaso zuen saria, Julian Eizmendi alkatearen eskutik.

XXVII. EUSKAL ANTZERKI TOPAKETAk

Azaroak 6, ostirala. 21:30ean, Izarraitz pilotalekuan. Kanpaiak jo bitartean antzezlana, Glu-Glu Produkzioak.

Azaroak 7, larunbata. 21:30ean, Izarraitz pilotalekuan, Aitarekin bidaian, Hika.

Azaroak 8, igandea. 18:00etan, Izarraitz pilotalekuan. Baso sorgindua, Patata Tropikala. Haur eta helduentzako.

Azaroak 13,ostirala. Antzerkiaren II. Azoka Eguna.

  • 11:00etan, Ikasberri Azpeitiko Ikastolan. Lur azaleko hitzak, Duo antzerki eta musika ikuskizuna.
  • 12:30ean, Enparan Dorretxean. Mahai-ingurua, Euskal Behatokikoak: antzerkiaren azalpenak.
  • 14:30ean, Pastorkua jatetxean, bazkaria.
  • 16:00etan, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain. Har eman ikuskizuna, Hebentik taldea.
  • 18:00etan, Izarraitz pilotalekuan. Euskarazetamol, Ez dok hiru bikoteatroa.
  • 20:00etan, Baigerako tabernan, luntxa.
  • 21:30ean, Izarraitz pilotalekuan. Babiloniako loreak, Larrua Creaciones FTI.

Azaroak 14, larunbata. 21:30ean, Izarraitz pilotalekuan. Doltza, Agerre Teatroa. Estreinaldi berezia.

Azaroak 15, igandea. 18:00etan, Izarraitz pilotalekuan. Mementu Ridicculi, En la lona. Haurrentzako eta helduentzako antzezlana.

Azaroak 20, ostirala. 21:30ean, Izarraitz pilotalekuan. 110. Streeteko geltokia, Goaz Antzerki Taldea.

Azaroak 21, larunbata. - 13:00etan, udaletxeko areto nagusian. Topaketetako Txalo Saria, Imanol Elias Odriozolari emango diote.

  • 21:30ean, Izarraitz pilotalekuan. Prest gaude, Lakrikun Antzerki Taldea. Estreinaldia.

Azaroak 22, igandea. 19:00etan, Izarraitz pilotalekuan. Autobusaren zain II, Azpeitiko Emakumearen Antzerki Tailerra.

Azaroak 27, ostirala. 21:30ean, Izarraitz pilotalekuan. Ni naiz Hector ni bakarrik, Txalo.

Azaroak 28, larunbata. 21:30ean, Izarraitz pilotalekuan. Arrainontzia, Pok produkzioak.

Azaroak 29, igandea. 18:00etan, Izarraitz pilotalekuan. Jolas eta zilarrezko txartela, Jakin eta Jolas taldea. Haurrentzako eta helduentzako.

Eskola Antzerkia

Azaroak 16, astelehena. 11:00etan, Izarraitz pilotalekuan. Itsas minez antzezlana, Arroako Herri Ikastetxea. Errekamari antzezlana, Angiozarko Herri Ikastetxea.

Azaroak 17, asteartea.

  • 11:00etan, Izarraitz pilotalekuan. Liburu magikoa antzezlana, Laukizko Herri Eskola.
  • 15:30ean, Izarraitz pilotalekuan. Grease, Lasarte-Oriako Landaberri Herri Ikastetxea.

Azaroak 18, asteazkena.

  • 11:00etan, Izarraitz pilotalekuan. Ba dago eta ez dago. Zer ote dago? antzezlana, Ikasberri Azpeitiko Ikastolako antzerki eskola.

Autobusaren zain antzezlana, Azpeitiko Haurren Antzerki Tailerra.

  • 15:30ean, Izarraitz pilotalekuan. Galtzagorriak antzezlana, Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastetxea.