Triku Festie 2009ko kontzertu batzuk Azkoitiko Matadeixen egingo dituzte kultur azpiegitura faltagatik

Ekainean, Sanagustinen egitea hitzartu zuten Udalarekin , baina hil honetan han ezingo dela egin esan die

"Triku Festien baitan egunero Azpeitian zerbait egon dadin" ahaleginduko direla diote antolatzaileek

Triku Musika Elkarteak "ia dena" prest du Triku Festie 2009rako. Urriaren 29tik azaroaren 1era bitarterako antolatu dute. Baina, "Azpeitian kultur azpiegitura falta dagoelako" aurten kontzertu guztiak ez dira Azpeitian izango; areto itxian egiteko antolatu dituzten kontzertuak Azkoitiko Matadeixen egingo dituzte. Hala diote Triku Elkartekoek. Azpeitian, kaleko kontzertuak edota emanaldiak izango dira. Dena den, "ahalegin bat egingo" dutela diote, "Triku Festien baitan egunero Azpeitian zerbait egon dadin".

Aurreneko Triku Festie 2000 urtean antolatu zuten. Musika jaialdia urtetik urtera indartzen, sendotzen eta eskaintza aberasten joan da. 2004 urtetik herriko plazan jarritako karpan egin dute. "Karpan antolatu dugu, herrian horrelako ekitaldi bat egiteko beste azpiegiturarik ez dagoelako", diote Triku elkartekoek.

Sanagustin hitzetik hutsera

Maiatzaren bukaera aldera hasi ziren Triku Musika Elkartekoak aurtengo musika jaialdia antolatzen. Ekainaren hasieran Udaleko kultur zinegotziarekin bildu ziren. "Guk jaialdia antolatzen hasi ahal izateko oinarrizko bi baldintza nagusi bermatzeko eskatu genion Udalari: batetik, aurtengo jaialdia Sanagustin kulturgunean egin ahal izatea. Bestetik, karparen alokairua ordaindu beharrik ez genuenez, horretan aurrezten genuen diru kopurua beste gastu batzuetarako erabili ahal izatea". Triku elkartekoen esanetan, Udalak bi baldintza horiei baiezkoa eman zien orduan, eta "sortu zitezkeen zailtasunei aurre egin eta beregan hartuko zituztela jakinarazi ziguten Udalekoek".

Udalak baldintzak onartu zituenez, horiek kontuan hartuta Triku Festie antolatzen hasi zen elkartea. "Uztailaren bukaeran Sanagustin aretora bisita egin genuen Udaleko festetako zinegotziarekin eta arkitektoarekin. Guk bitartean jaialdia antolatzen segitzen genuen". Hil honen hasieran jaialdiko kontu nagusienak ixten hasi zen Triku Musika Elkartea. Baina, hilaren erdialdean Udalak jakinarazi zien aurtengo Triku Festa ezingo zela Sanagustin aretoan egin. "Sanagustineko lanak bukatuta daude, falta dena ekipamendua da, baina horretarako dirua ere Espainiako Gobernuak aginduta dauka", diote Triku Musika Elkartekoek.

Udaletik jasotako erantzun horrek Triku Festako antolatzaileen asmoak "irauli" egin ditu. "Erabaki horrekin aurrez hitzartu genituen oinarrizko bi baldintzetatik bat hautsi du Udalak. Agindutakoa ez dute bete. Era horretan, jaialdia antolatzen jardun dugunean izan dugun oinarrietako bat kendu digute. Etsipena eta nahigabea sortu digute".

Triku Festie antolatzeak eta aurrera eramateak lana dakarrela azaldu dute, "ez da egunez edota lekuz erraz aldatu daitekeen ekitaldi soil bat, askoz konplexuagoa da. Jaialdiaren lau egunetako ekitaldi guztiak aurrera eramateko ongi lotuta egon behar du hainbat gauzak, besteak beste, giza baliabideak eta baliabide teknikoak".

Triku Festie Sanagustin aretoan ezin egiteak gauza asko ekarriko dizkio Triku Musika Elkarteari: "Bederatzi urtez ilusio osoz antolatutako herriko kultur ekimen bat eskaini gabe uztea; hamahiru musika proposamenekin hitzartutako kontratua haustea; hegaldi eta hoteletako erreserbak eta material teknikoaren alokairua bertan behera uztea; teknikariekin hitzartutakoa bertan behera uztea...".

Eragozpenen gainetik aurrera

Baina, eragozpenak eragozpen argi izan dute aurtengo Triku Festie egin egingo dutela. Udalari ahalegin bat egiteko ere eskatu zioten, baina ez dute nahi bezalako erantzunik jaso. Horregatik, ekarriko dituzten musikariekin hitzartutako baldintzak betetzeko Azkoitiko Matadeikoengana jo dute. "Matadeiko asanbladan gure asmoa azaldu genuen eta onartu egin zuten".

Besteak beste, aurtengo Triku Festien izango direnak hauek dira: Damo Suzuki musikari japoniarra, Zu talde italiarra eta Kira Kira islandiarra .

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide