Lau herritar auzipetu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak

Garikoitz Etxeberria Kafe-ren ongietorriarekin lotuta deitu ditu epaileak deklaratzera

Elgoibarko festetan ertzainek "azpeitiar bat jipoitu zutela" ere salatu du Azpeitiko AAMk

Garikoitz Etxeberria Kafe-ren ongietorriarekin lotuta lau azpeitiar auzipetu eta deklaratzera deitu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Lau horietatik hiruk joan den ostegunean eta ostiralean jaso zuten deialdia, ertzainek etxera eramanda; batek ez du deialdirik jaso. Lau auzipetuek atzo (astelehena) goizean deklaratu behar izan zuten Azpeitiko epaitegian.

Garikoitz Etxeberria Kafe Haikako kide ohiak joan den otsailaren 2an irten zuen kartzelatik, sei urteko kartzela zigorra osorik beteta. Orduko ongietorria dauka oinarrian auzipetzeak. Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu egin du lau herritar "oinarririk gabe eta probarik gabe" auzipetu eta deklaratzera deitu izana. "Deklaratzera joan behar dutela esateko jaso duten oharrak ez du esaten zergatik deitu dituzten. Bakar-bakarrik jartzen du delitu bat egin dutelako inputatu eta deitu dituztela deklaratzera. Baina, ez du zehazten zein den egozten dieten delitua. Deklaratzera ezer jakin gabe joan dira lau lagunak, eta Azpeitiko epaitegian jakin dute Etxeberriaren ongietorriarekin eta pankarta batekin lotuta auzipetu dituztela", azaldu du AAMk.

Epaitegian, abokatuek galdetuta jakin dute pankarta batekin lotzen dituztela lau lagunak. Baina AAMren arabera, "lau lagun horiek Etxeberriaren ongietorrian ez zituzten identifikatu, eta deklaratzera joan direnean, ez diete haien kontrako argazkirik edota inolako frogarik azaldu. Azken batean, inolako frogarik eta oinarririk gabe auzipetu eta deitu dituzte deklaratzera", AAMk salatu duenez.

Atzo deklaratu zuten lau herritarrek, orain haien deklarazioa Espainiako Auzitegi Nazionalera bidaliko dute. Gero, epaileak erabakiko du epaiketa egin edo ez, AAMk esan duenez.

"Herritar bat jipoituta Elgoibarren"

Elgoibarko festetan "ertzainek herritar bat jipoitu" zutela salatu du Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Azaldu duenez, abuztuaren 29tik 30erako goizaldean Azpeitirako autobusaren zain jende ugari zegoen Elgoibarren. Ertzainak bertara joan ziren eta autobusaren barruan azpeitiar bati presoen argazkiak zituen elastikoa kendu arazi zioten eta identifikatu egin zuten. "Une horretan, kamisetadunak ez zuela ezer egin azaltzen saiatu ziren inguruko batzuk ertzainei. Baina horretan ari zirenen aurka egin, azpeitiar bat atzeman eta egurtu egin zuten. Borrarekin egundokoak eman zizkioten hanketan. Jasotako jipoiaren ondorioz larrialdietara joan behar izan zuen azpeitiarrak", kontatu du Azpeitiko AAMk. Presoen argazkiekin kamiseta zuenari haren aurka akusazioa sartuko zuela adierazi zioten ertzainek, AAMk dioenez.

"Udan ikusi da Euskal Herri mailan edozergatik ari dela Ertzaintza sartzen: argazkiengatik, ongietorriengatik, elkarretaratzeengatik... Ahal duten guztia isildu nahi dute. Jendea beldurtuz, presoenganako elkartasun oro isilarazi eta dena delitu bihurtu nahi dute", salatu du AAMk: "Presoei elkartasuna adieraztea ez da delitua, oinarrizko eskubidea da, bai antolatzea, mobilizatzea, elkartasuna adieraztea, bisitetara joatea edota gutunak bidaltzea. Beraz, guk horrekin jarraitu egingo dugu eta herritarrei horrelakoen aurrean ez beldurtzeko deia egiten diegu".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide