Habea plataformaren baliogabetzea berretsi du Europako Auzitegiak

Espainiako Justiziak duela sei urte hartutako erabakiaren alde azaldu da Giza Eskubideen Auzitegia

Baliogabe izan arren, Azpeitiko plataformak 2.027 boto lortu zituen 2003ko hauteskundeetan

Europako Giza Eskubideen Auzitegia Espainiako Justiziak 2003an Habea Azpeitiko herri plataforma baliogabe utzi izana berretsi du gaur (asteartea) plazaratutako epaian. Espainiako Auzitegi Gorenak 2003ko maiatzaren 3an hartu zuen erabakia, eta zioen Herri Batasuna eta Batasuna legez kanpoko alderdi politikoek "erabilitako" plataforma zela, "lotura" zuela haiekin.

Habeaz gain, Autodeterminaziorako Bilgunea (AuB) eta beste 200 bat herri plataforma baliogabetu zituzten 2003ko udal eta foru hauteskundeetarako. Hain zuzen, Pernando Barrena ezker abertzaleko kideak eta Didier Rouget abokatuak 221 helegite sartu zituzten 2003ko azaroaren 6an Estrasburgon. Gaur atzera bota ditu helegiteak Europak.

Nahiz eta baliogabe izan, Habea aurkeztu zen udal hauteskundeetarako, eta 2.027 boto lortu zituen. Lau zinegotzi eskuratu zituen, baina Azpeitiko Udalak ez zien baliorik eman.

Batasuna eta Herri Batasuna alderdi politikoen legez kanporatzea ere berretsi du gaur Europak, baita Herritarren Zerrenda baliogabetzea ere.

Informazio gehiago, Berria.infon

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide