Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du euskararen ordenantza

uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2009ko eka. 22a, 21:06

EAEko Auzitegi Nagusiak 2007an emandako epaia berretsi eta Udalak haren aurka aurkeztutako helegitea atzera bota du

Gorenaren arabera, ordenantzaren azken helburua gaztelaniaren erabilera baztertzea da

Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du euskara normalizatzeko Udalak 2005an onartu zuen euskararen udal ordenantza, bere "helburu nagusia gaztelania hizkuntza ofizial gisara baztertzea" dela esanez. Gainera, ordenantza horrekin Udalak "bere ahalmenak gainditzen" dituela uste du Auzitegi Gorenak.

EAEko Auzitegi Nagusiak ere ordenantza indarrik gabe uztea erabaki zuen 2007 urtean, eta orain Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du erabaki hori. Udalak EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiari helegitea jarri zion, baina Espainiako Auzitegi Gorenak ez du aintzat hartu. Auzitegi honen ustetan, ordenantzak "gaztelerari zor zaion berdintasuna ukatu nahi dio".

Aurreneko erreakzioak

Dena den, herriko euskara eragileak eta alderdi politikoak ez datoz bat Auzitegi Gorenaren arrazoiketarekin.

Udalak mementoz ez du adierazpenik egin nahi izan, baina "printzipioz albiste txarra" dela esan du Euskara zinegotzi Ana Mendizabalek. Laster jasoko dute jakinarazpen ofiziala, eta Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakiaren "arrazoi zehatzak zein diren" jakitean egingo dute balorazioa: "Printzipioz albiste txarra da, baina auzitegiak zehazki zer esan duen jakin arte ez dugu adierazpenik egingo".

Alderdi politikoen artean, mementoz ezker abertzalea izan da adierazpenak egin dituen alderdi bakarra. IƱaki Errazkin zinegotziak adierazi duenez, "epaitegiak euskararen ofizialtasuna lortzearen aurka" daudela erakusten du Espainiako Auzitegi Gorenarenaren erabakiak: "Bere garaian ezker abertzaleak ordenantza horren aldeko apustua egin zuen. Ordenantzak ez du ezer txarrik, epaitegiak eta legeak euskararen ofizialtasuna lortzearen aurkakoak direla besterik ez. Askotan ikusten dugun zerbait da; hau horren beste ondorio bat izango litzateke". Ordenantza hau bertan behera utzi izanaren arrazoia "ofizialtasuna azken muturreraino eramateko edo bide horretan aurrerapausoak emateko saiakera egitea izana da". Errazkinen ustetan, debekuak debeku, "ahal den heinean aurrera egiten jarraitu behar da alor honetan".

Euskara eragileentzat ere euskararen kontrako erabakia hartu du Auzitegiak. Azpeitiko EHE taldearentzat eta Behatokiarentzat "albiste oso txarra da" eta "euskaldunontzat oso iraingarriak diren arrazoiak ematen ditu".

"Eskubideak bermatzeko"

Euskararen ordenantza hau "euskaldunei erdaldunek dituzten eskubide berdinak bermatzeko" egin zutela adierazi zuen bere garaian Julian Eizmendi alkateak. Bera alkate zen garaian onartu zuten ordenantza, 2005ko abenduaren 1ean. Udalbatzak aho batez onartu zuen udal ordenantza hura EAJren, EAren, PPren eta PSE-EEren aldeko botoekin; ezker abertzalea legez kanpo zegoen.

Legegintzan adituek hartu zuten parte ordenantzaren osaketan. Besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitateko legelariek, Azpeitiko Udaleko legelariek, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetzako legelari eta adituek, Siadeco Ikerketa Elkarteak eta Azpeitiko Euskara Patronatuaren lan talde teknikoak.

Azpeitiko Udalean eta herrian bertan "euskararen erabileraren sustapena eta normalizazioa arautzeko eta ondorio juridikoak garatzeko" sortu zuten euskararen udal ordenantza hau.

Euskara eragileen erreakzioak

Inaki Martinez (Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz)

"Oso albiste txarra da. Ordenantzek eskubideak bermatzen dituzte baina euskarak legeen babesik ez duen bitartean horrelakoak gertatuko dira. Gertakari honen ondoren argi ikusten da EHEk urteetan aldarrikatu duen euskararen ofizialtasuna behar dela. EHEtik beti esan izan dugu ordenantza egokia zela. Sententzia honek gaztelera indartzea eta euskara ahultzea du helburu eta ez alderantziz. Salatu egin beharko genuke guztiok. Ez dakigu zer asmo izango dituen Udalak, baina, Euskara Mahaian jorratzeko gaia da, dudarik gabe eta egunotan ikusiko dugu nola gauzatuko dugun gure salaketa".

Paul Bilbao (Behatokiko zuzendaria)

"Euskaldunontzat iraingarriak dira Auzitegi Nagusiak ematen dituen arrazoi batzuk. Iraingarria da, adibidez irakurtzea horrelako ordenantzen azken helburua gaztelera desagerraraztea dela. Era berean iraingarria da irakurtzea, Auzitegiak gogorarazten duela Euskal Autonomia Erkidegoan bi hizkuntza direla ofizialak, euskara eta gaztelera; iraingarria da hori Auzitegiaren ahotik entzutea, euskaldunok bigarren mailako herritarrak garen justizia erakunde batetik; gogoan izan behar da epaileei euskara itzultzaileak jarri behar izaten dizkietela epaiketetan euskara jakiteko inongo derrigortasunik ez dutelako. Gaur egun euskarak estatus ofiziala badu ere, herritarren hizkuntza-eskubideak ez dira bermatzen".