Babes ofizialeko etxeak Azpeitian

Berria (Ismael Olaizola, kaltetuen izenean) 2009ko eka. 5a, 10:06

Urte bat baino gehiago pasa da, iazko apirilaren 4an Etxebeltz-Izarra eremuan etxebizitza egokitu zitzaigunetik. Lau hilabete ere joan dira EAEko Auzitegi Gorenak eremu horren oinarri den Arau Subsidiarioen aldaketa puntuala baliogabetu zuela jakin genuenetik. Horrek ekartzen digun arazoaren larritasunaz jabetu ginenetik, gure artean biltzen ari gara, eta konponbidea obra bezain makal doala konturatu gara.

Mota honetako arazoen aurrean politikariek egon behar dute irtenbideak emateko. Azpeitiko kasua berezia dela konturatzen gara, talde politikoen arteko desadostasunak eta liskarrak hor daudelako, baina, benetan, arazoa konpontzeko borondate gutxi ikusten dugu. Borondatea prentsan hitzez ez dela erakusten adierazi nahi dugu, ekintzez elkarlanean baizik. Arazo hau konpontzeko bideak badaudela entzutea edo irakurtzea ez zaigu nahikoa iruditzen; bide horiek jorratzen ari direla erakutsi behar dute politikariek eta adostasunera iristeko ahalegina egin, nahiz eta guztiek utzi beharko duten bidean euren interesen zati bat.

Beharrezkoa da talde politiko bakoitza berak agertu duen irtenbidearekin ez egoskortzea. Agertzen diren irtenbide guztiak aztertu, landu eta eztabaidatzea egokiago ikusten dugu. Irtenbidea epe laburrera nahiz epe luzera eskaintzen duten bideak landu beharra dago, baina, betiere, arazoa konpontzeko borondatez. Badirudi arazoari aurre egiteko bideak egon badaudela eta Udalean bertan blokeatzen direla.

Informazioa ere sumatu dugu faltan, talde politiko guztien aldetik informazio gehiago espero genuen, beraien arteko bilerei buruz, nola doazen beraien arteko negoziazioak, handik irten diren posturak... Talde politiko guztiei gogoratu nahi diegu guk lanean jarraitzen dugula eta, lan horretan, beraiek une bakoitzean duten informazioa jasotzea lagungarria litzaigukeela.

Oraindik beste 54 etxebizitza zozketatu behar dira Etxebeltz-Izarran. Kuartel zaharreko etxeak ere hor daude. Pentsatzen dugu gure betebeharra dela zerrendan dauden guztiei azaltzea "zortedunak" izanez gero gure egoera berean geratuko direla. Ez dugu inor desanimatzerik nahi; izan ere, arazo honi irtenbidea ematea posible dela uste dugu, eta horregatik ari gara lanean, baina herritar askori eragiten digun arazoa dela azpimarratu nahi dugu.

Azkenik, esan nahi dut talde moduan aktiboki jarraituko dugula lanean, jo behar diren ateak joz eta eman beharreko pausoak emanez, helburu argi bat lortzeko asmoarekin: egokitu zaizkigun etxebizitzak modu "garbi" batean jasotzea.