Azpeitiko ezker abertzaleak Iniziatiba Internazionalistaren aldeko bozka!

Haizkurgi Uzin (Azpeitiko hautetsi independentisten izenean) 2009ko eka. 2a, 12:06

Baskongadetako azken hauteskundeetan gure hautagaitzaren gainean izaniko jazarpen itogarriaren ondoren 100.000 lagun baino gehiago iritsi ziren hautesontzietara debekatutako papeletekin aldaketa politiko baten beharra agerian uztera. Hiru hilabeteren buruan Europar hauteskundeak izanik, Hego euskal-herriko instituzioetan dugun ordezkaritzak gure herria ez duela ordezkatzen argi uzteko eta estatu espainiarreko demokraziarik eza Europako parlamentura eramateko, bloke soberanista eta ezkertiar bat artikulatu nahi izan dugu. Iparraldea eta hegoaldea bat eginik EHA-ren (Euskal Herriaren Alde)bidez gure herria Europan ordezkatua izatea nahi genuen eta estatu espainiarrean izandako azken hauteskundeetan isilarazi nahi izan dituzten guztiei dagokien ahotsa eman. Baina interes partidisten ondorioz eta zenbaiten ausardia faltagatik aukera hau oraingoan ezinezkoa izan da. Hala ere etorkizunean argi ikusten dugu bloke ezkertiar eta soberanista hori sortzea beharrezkoa izango dela.

Eta ezker abertzale bezala aurkezteko eskubidea ukatzen diguten abagune politiko honetan Iniziatiba Internazionalista alderdi sortu berria, ahotsik gabeei Europan ahotsa emateko prest agertu da. Auzitegi gorenetik eta Konstituzionaletik igaro behar izan du, beste behin ere estatu espainiarrean egiten den ideien sorgin ehiza agerian utziz. Eta hauen bidez lortuko dugu Euskal Herriaren egoera antidemokratikoaren salaketa eta herri honen autodeterminazio eskubidearen aldeko aldarrikapena Europako parlamentura eramatea. Euskal Herriko gatazka politikoa konpontzeko elkarrizketa ezinbestekoa dela argi dago eta Europak gatazka honen konponbidean esku hartzea beharrezkoa da. Azken urteetan Europako beste zenbait herrialdeetan ikusi dugu posible dela estaturik gabeko nazioei bere etorkizuna askatasunez erabakitzeko eskubidea ematea, Groenlandia eta Eskoziaren kasuak adibidez.

Alfonso Sastrek beste gizarte egitura batean oinarritutako Europa sozialista eta parekide baten aldeko aldarrikapenaz gain Euskal Herriko gatazka politikoa jarriko du mahai gainean Europako parlamentuan. Bera izanik parlamentari zaharrena eta beraz parlamentuan hitza hartzen lehena, gure herriaren errealitate politikoa lehen unetik egongo da mahai gainean Europako parlamentuan.

Azpeitia, Euskal Herriaren parte izanik eta hemen ere gatazka politikoaren ondorioak modu larrian sufritzen ditugunez ezinbestekoa dugu etengabe benetako konponbide politiko baten bila jarraitzea. Eta honetarako lehenago edo beranduago euskal herriko gizarte eragile, sindikatu eta herritarrok osatuko dugun bloke soberanista eta ezkertiarraren bidez atzeraezina izango den prozesu politiko berri bat martxan jarriko dugu. Iniziatiba Internazionalistaren aldeko bozkaren bidez inoiz baino ahots ozenagoz aldarrikatuko dugu herri honetara behin betikoz konponbidea eta bakea ekarriko dituen prozesu demokratiko baten beharra, eta Sastre Europako parlamentura eramanez jarriko dugu honetarako lehengo harria.

Honegatik Azpeitiko hautetsi independentistok Iniziatiba Internazionalistaren aldeko bozka duen garrantzia herritarrengana helarazi nahi dugu eta herri honetako gatazka politikoa konpondu eta sufrimenduarekin bukatzeko prozesu demokratiko baten alde Iniziatiba Internazionalista bozkatzera deitzen ditugu.