61 urte eta gero, Nakba-k bizirik dirau

Mikel Olaizola 2009ko mai. 13a, 15:05

Israelgo Estatua sortu zuten egunaren urtemugan, Palestinaren alde eta Israeli boikota egitera deituz kontzentrazioa izango da bihar (maiatzak 15) plazan, 19:30ean

.1948ko maiatzaren 15ean Israelgo Estatua sortu zuten. Palestinarrek Nakba, Hondamendia deitzen diote egun horri. Estatua sortu baino lehenagotik, israeldarrek garbiketa etnikoari ekin zioten, ahalik eta lurralde gehien kontrolatzeko eta ahalik eta palestinar gehien hiltzeko edota erbestera bidaltzeko. Orduan ia 800.000 palestinar euren etxeak uztera indarrez behartuak izan ziren, errefuxiatuak bilakatuz. Egun, lau milioi baino gehiago dira errefuxiatu, populazio palestinarraren gehiengoa.

Nakbatik 61 urte pasa badira ere, palestinarren egoerak ez du hobera egin. Are gehiago, biziki okertu da. Ordutik hona, Gaza eta Zisjordaniaren okupazioa, kolonien ugaltzea, Apartheid harresiaren eraikitzea, Gaza espetxe erraldoia bihurtzea, sarraskiak, atxilotze masiboak eta abar luze bat pairatu behar izan dute.

Urte luze eta mingots hauetan, nazioarteko komunitateak ez du ezer egin palestinarren eskubideen defentsaren alde. Zenbaezinak bihurtu dira Nazio Batuek eta beste erakundeek onartu dituzten ebazpenak, baina ez dira inoiz indarrean jarri. Israelek entzungorrarena egin du eta palestinarren aurkako zapalkuntza aurrera eramateko ez du oztoporik izan.

Egoera honi aurre egiteko eta palestinarren eskubideen defentsaren alde egiteko, 200 talde palestinar baino gehiagok Israelen aurkako nazioarteko boikota egiteko deia egin zuten. Hegoafrikako apartheid suntsitzeko tresna eraginkorra izan zen nazioarteko boikota eta egun palestinarrek pairatzen duten bazterkerian oinarrituriko Estatu sionistaren okupazioari aurre egiteko baliogarria izan daitekelakoan daude. Horregatik, palestinarren eskubideak bermatzen ez diren bitartean, Israelekin harreman diplomatiko, ekonomiko, kultural eta abar apurtzea eskatzen da.

Euskal Herrian bat egiten dugu deialdi horrekin eta boikota indartzeko konpromisoa hartzen dugu. Ildo horretan, Elkartasunez manifestua jarri dugu martxan. Tresna honen bidez, arlo desberdinetako eragileak boikotaren aldeko eragile aktiboak bilakatu nahi ditugu palestinarren askapena lortzen laguntzeko.

Honekin batera, Nakba dela-eta, mobilizazioak eta ekitaldiak izanen dira Euskal Herriko hainbat herritan ostiral honetan. Gure eskualdean, Azpeitian egingo den kontzentraziora joateko deia luzatzen dizuegu, ostirala maiatzak 15, 19:30ean plazan.

PALESTINA ASKATU!!

ISRAELI BOIKOT!!