Joxe Lizaso gogoratuz

Txomin Garmendia (El Diario Vasco) 2009ko api. 23a, 11:04

Lengo ostegunez atal onetan, Basarri eta Uztapide gogoratuz izan zan nere idazlana; gaur, betiko joan berri degun Joxe Lizaso darabilkit ezin aazturik. Oraindik ere, ezin bai det sinistu ilda dagonik.

Joan zan martxoaren 10ean bete zitun larogeita bi urte, naiko itxura ona eduki arren bertso-lanari utzia zegon, eta ez da arritzeko, bein adiñ ortara ezkero. Leenago utziak makiña bat edo geienak, ziartuenik.

Donostiko Poliklinikara operatzera eraman aurretik Juli bere emaztearekin itzegin nun teleponoz, eta Joxe naiko gaizki zegola esan zidan; miña zeukala eta mokorretik (cadera) operatu bearrean izango zala. Ala, andik laister eraman zuten gaixo-etxera eta operatuta egun batzuetara joan nintzaion bixitatzera Donostiko etxe ortara. Gelan sartu nintzanean eta ikusi nindun orduko, negarrari eman zion gizarajoak, Lazkao Txiki ere koarto artan egonda il zala eta abar esanez. Eta alaxe zan, Joxemiel bixitatzera ere gela berera joaten giñan, eta Lizaso eta biok egokitu ere bai pare bat aldiz. Oroitzapen sentikorrak etortzen zaizkio gizonari, eta Joxe Lizasori ere bai; bestetik, buruz oso ondo zegon ezaugarriak dira. Bere emaztea ere, an zegonez, udaberria emen zala-ta, kalean laister ikusiko giñala-ta, saiatu giñan alaitzen. Malkoak legortu zitzaizkion, baina.

Donostitik etxeratu zala jakin nunean, apirillaren batean, goizeko 11tan, deitu nun etxera zerbait berri jakin nuanean; bere emazte Julik artu zidan teleponoa eta gero Joxerekin jarri. Zer moduz zan galdetu nionean, miñik etzaukala eta ondo zegola esan zidan; berriketa batzuk egin ondoren, aurki alkartuko giñala-ta, agurtu giñan. Zeiñek esan bear zidan orduan neri, egun artako arratsaldean Joxe Lizaso bertsolaria il zalako berria jasoko nula? Ezin degu onartu, ezin degu sinistu, baiña orrelaxe izan gure izaera, gaur bai eta bihar ez.

Biramonean izan zan bere animaren aldeko eleizkizuna, Azpeitiko San Sebatian parrokia jendez gaiñezka zala; apirillaren 2an, Euskadi guztiko jendea ikusten zan Azpeitin eta zer gutxiago? Nolako gizona, alako oore! Meza denboran Azpillagak, Eguzkitzek, Urangak, Egañak, Gorrotxategik eta idazten ari dan onek kantatu zuten bertso bana, eta ondoren Sebastián Lizasok. Gorputz dagon aita baten aurrean seme batek kantatu lezaken bertsorik ederrena Sebastianek kantatu zuna zala esan bear. Ez da joan, ez, Lizaso zaarra ondorengorik utzi gabe; Sebastian ezezik, onen seme Beñat ere bertsolaria baita.

Emazte Juli, seme, erraiñ, billoba, eta gaiñontzeko aideak lagun gaituzte astegabean Egun Aundia datorrenean biltzeko itxaropenez.

Nolako bertsolaria eta gizona zan Joxe? Gutxi edo geiago berrogei bat urtean kantatu gendun alkarrekin eta uste det badetela arrazoirik Joxe nolako bertsolaria eta gizona zan esateko. Alper-lana deritzait ordea, Joxeren bizitza eta bertsolaritza ipi eta apa aitatzen astea; irurogei bat urtean ibilliko zan Euskadi guztian erriz erri eta ori naikoa aren berri jakiteko. Bertsolari gozoa eta errikoia zan benetan, eta bio-tza oraindik errikoiagoa zun. Zer esan besterik?

2001eko urtean, liburu eder bat argitaratu zun Auspoa saillean Joxe Mari Iriondoren eskutik Joxe Lizaso, nere aldiko kronika deritzaiona eta or gelditu da bertsolari aundiaren izaera. Liburu ortarako sei bertso jarri nitun nik ere, ara nola:

Azpeiti aldetik etortzen ziran
Lizasoren oiartzunak.
Nik baiño leno aren bertsoak
beste batzuek entzunak.
Egun batean ezagutzeko
izan nitun poztasunak,
eta geroztik lagundu digu
pakea ta osasunak.

Litartzan Luistar festa bat zan ta
aruntz joan giñan bi anai,
bertsolariak bazirala ta
aieri entzuteko zai.
Txapel zarra ta Lizaso ziran
kantatu zutenak alai;
gozatu nintzan, bertso batzuek
gogoan artu ere bai.

Gazteak giñan ta itz egiten
gu ez giñan ausarditu,
baña arien argazki ura
neri betiko gelditu.
Andikan urte batzuetara
famili gisa aurkitu.
Jaunari eskerrak, bertsolaritzak
gauza ederrak, baditu.

Matxinbentako deia jaso nun,
Lizaso nula laguna;
bildurti samar esan bearko
baña pozik nintzan juna.
Irugarren Ordenako festa,
frantziskotarren eguna;
antxe izan nun Lizasorekin
lendabiziko jarduna.

Berrogei urtetik gora dira
geroztik joan diranak,
alkar maiteak izan gera ta
ondo ibilli geranak.
Txukun egiten saiatzen gera
egin bearreko lanak;
guk izan degun suertea're
ez dute izandu danak.

Adizak, Joxe, ik ondo dadik
zartuta aurkiten gerala,
ta ondo dakik gazte bizkorrak
asko ugaldu dirala.
baiña oraindik moldatzen gaituk
alkarrekin nola-ala.
Urte askotan jarraitzutea
Jaungoikoak nai dezala.

Bein zartu ezkero urte askoan ezin jarraitu ordea, agur Joxe, laister arte.