Joan zaigun lagun abertzaleari

Manuel Unanue (Azpeitiko EAren izenean) 2009ko api. 10a, 16:04

Euskal Herriko hamaika plaza eta txokotan, hitzarekin, euskararekin, jolas egin zuen lagunari barru barrutik ateratako esker oneko hitz bakar batzuk berarengandik jaso dugun guztiaren truke:

Joxe Lizaso joan zaigu eta Azpeitiko alderdikide garenok gure esker ona azaldu nahi dizugu: Mila esker Joxe urtetan gure alderdikide izan zarelako.

Ondo gogoan dugu, nahiz eta askok ez —eta batzuk ezkutatu nahi izan— Joxe, Eusko Alkartasuna plazaratu zenean, gure herrian, Azpeitian, alderdi buru zu izan zinela.

Ondo dakigu, era berean, zeure ahotik behin baino gehiagotan entzun genizulako, kargu hori hartu izana zuretzako ohore handia izan zela.

Benetako abertzalea izan zara zure bizitza guztian. 1940ko hamarkadan, oso gazte zinela, espetxea ezagutu beharrean izan zinen egin ez zenuen ekintza bat leporatu zizutelako. Gero, 1960ko hamarkadan bakarren bat zure etxean gorde eta babestu zenuen. Izan ere, norbaitek laguntza behar zuenean, zu ez zinen atzean gordetzen, ezkutatzen, den horietakoa.

Zure gizatasuna, Joxe, zu bezain sendo eta zabala zen, Basarri Jaunak ederki asko zekien nolakoa zinen esan zuenean: "Bertsolari bezala printzipea zara, gizon bezala erregea".

Zauden lekuan zaudela, ongi izan Joxe, eta nola ez, abertzale eta alderdikide guztion partetik eskerrik asko.