Plataforma berri bat: Azpeitia Bizirik

Imanol Elias Odriozola ('Urola Kostako Hitza') 2009ko api. 8a, 11:04

Gonbidatu egin ninduten Nabarraldeko Azpeitiarrek eta martxoaren 28an egin zuten aurkezpenean parte hartu nuen. Badirudi datorren urtean Azpeitia herri bezala sortu izana ez dela ospatzekoa Azpeitia Bizirik plataformaren iritziz, Gaztelako erregeak eman zuelako horretarako baimena eta oraindik hauen mendean garelako, aurrez Nafarroarekin genuen lotura galduta. Baina aurkezpen unean azaldu nuen bezala, adierazten du platafomak zabaldu duen orriak, Azpeitiko herria sortu zenean, 1310ean, bazegola aurrez Garmendia de Iraurgi deitura zuen herria.

Egia da, Iruñeko apezpikuaren 1027ko aktetan agertzen dela Iraurgi Bailara, gaur egun Azpeitiak eta Azkoitiak duten lurraldea bere mendean zuela adieraziz. Baina egia da baita, 1310an Azpeitiko herria sortzean Gaztelako erregeak ezarritako deitura dela Garmendia de Iraurgi. Ez baitzen deitura hori zuen herririk. Gogoan eduki beharrekoa da orduan Iraurgi bailara erdibiturik zela, inolako mugarik ez bazen ere, alde batetik Soreasuko monasterioa zegoen eta bestetik, berriz, Baldako Santa Maria deiturikoa. Eurek banatzen zituzten bertan ziren biztanleek. Soreasu alderdikoak nahi izan zuten herria sortu eta horretarako erregeari Otzaka eta Iribarrena sendiek Garmendia inguruan zituzten lurraldeak eskaini zizkioten; garaiko herriak finkatzen ziren bezala, bailaratik altuera batetara, bertatik ingurua zaintzeko aukera izango zutelako.

Esan behar da bestalde, herria sortzeko unean, Sayaz deituriko lurraldeko alkate nagusiak zuzentzen zuela guztia, bere gain izanik justizia. Haren mendetik ihes egiteko sortu nahi izan zuten herria; baita, Ahaide Nagusien aurrean indartzeko asmoz ere, borroka baten ondoren bestean parte hartu beharrean izaten baitziren biztanleak eurei jarraituz. Herria sortzean, Udala egokituko zuten, agintariak aukeratu, legeak edo herriko Ordenantzak osatu, eta beste hainbeste. Iraurgi bailarako biztanleek, aukera zuten herritar egiteko eta bizitza berri bati heltzeko.

Berehala konturatu ziren, ordea, Soreasu inguruko biztanleak, oso urruti geratzen zitzaiela deitura bereko monasterioa, eta 1311n, beste eskaera bat egin zioten erregeari. Horretarako Iturria edo Iturriza sendiaren lurrak eskaini zizkietan herria sortzeko Soreasuko monasterioaren inguruan. Urtebete beranduago jaso zuten erregearen erantzuna, herriari Salvatierra de Iraurgi deitura ezarriz. Bigarren toki honetan herria sortzeak, lan handiagoak emango zizkien biztanleei, ibaiari ere leku berezia utzi beharko zitzaiolako, baina bide batez monastegia bera eskuratuko zuten.

Ospatzeko ez ezer ez dela dio plataformak, baina nire ustez bada zerbait. Ekintza bakarra nahi bada, baina ez legoke gaizki 2010ean, Azpeitiko herriaren alde lana egin duten guztiak gogoan izatea. Zazpirehun urtetan egin duten lana eskertzea, zorretan garela iruditzen zaidalako, nahiz eta une guztietan ez asmatu ongi jokatzen.