Konplitzen zekien gizona

Rufino Iraola Garmendia (El Diario Vasco) 2009ko api. 3a, 14:04

Kultur Etxean idatzi batzuen inguruan miaketan jardun ostean, Larraitza joan nintzen, askotan bezala. Han tertulia egin eta etxeratzearekin batera jakin nuen berri tristea: Joxe Lizaso hil omen da. Asteazken arratsaldea zen, apirilaren bata, egun seinalatua niretzat, etxeko baten urtebetezea ospatzen genuelako. Bestetik, Joxe Lizasok hainbesteko gorrotoa zion Gerra Zibila, ofizialki, apirilaren batean amaitu zen. Gerra amaitu eta kalbario luzea hasi, Azpeitiko semeak, bai bertsotan eta bai bestela, sarritan kalifikatu ohi zuen bezala. Hemendik aurrera, Joxe Lizaso bertsolariaren heriotza ere egun horretako efemerideen artean sartu beharko dugu. "Bertsolari handia" eranstea ahaztu zait. Baina, batez ere, gizon handia, jendearekikoa egitea gustatzen zitzaiona eta egiten zekiena.

Gauzak nola izaten diren! Egoera xelebre eta, harentzat, mingarrian ezagutu nuen Lizaso bertsolaria. Santa Fe batzuetan —urtea ez dakit ziur, izan zitekeen 1963 ingurua-, gure herrira etorri zen bertsotara. Herriko frontoian kantatu behar zuen —norekin ere ez dut gogoan, seguruenik Agirrerekin—. Kuestioa da herriko gazteak (antolatzaileak) eta Udalaren ordezkariak elkarrekin bihurritu egin zirela, Udalak gazteei frontoia beren kontura hartzen utzi ez zielako edo horrelako zerbaitengatik, eta gazteek boikoketatu egin zituzten frontoiko ekintzak, horien artean bertso-saioa. Zaldibira gehiago ez itzultzeko promesa eginda itzuli omen zen etxera, bere Ducatian.

Baina, zorionez, Joxek ez zuen bete promes hori, eta zaldibitarrok pozik eta eskertsu gaude, bete ez zuelako: geroztik askotan etorri zen. Alai eta umoretsu etorri ere eta presarik gabe. Lagunarteko gizona zen, hiztuna. Inguruan jendea gustura ikusten bazuen, ez zen segituan altxatu eta ihesi joango; bertsotik ere apur bat asetzea gustatzen zitzaiona. Publikoak gozatzea eta bertsoak bereizten jakin zezan nahi izaten zuen. Hala adierazi zuen behin batean, elkarrizketa batean: "Bertso ona edo txarra berdin txalotzeak ematen dit amorraziorik gehien".

Bertsolaritzaren inguruan izan dudan esperientzia ederrenetariko bat Joxe Lizaso eta Joxe Agirren ondoan izan dut. 1998ko abuztuaren 17an izan zen. Josean Agirreren aginduz Nafarroako Areson igaro nuen haiekin eguna, kantatu eta kontatzen zuten guztia magnetofoian nahiz idatziz jasotzen. Ohitura guztien kontra, bertsolariak ni baino lehenago iritsi ziren; ni ailegatzerako tripazorriak astinduak zituzten, amona Juanitaren tabernan. Nik "etorri al zerate?" erretorikoa bota orduko erantzun zidan Lizasok: "Majo gosaldu diagu gurtedea baino zimelagoko amonak serbituta".

Ezaupide handiak zeuzkaten biek ere Areson eta jende asko inguratu zitzaien bostekoa luzatzera. Lizasok ez zuen inor ere agurtuko ateraldi umoretsuren bat bota gabe. Elizan, plazan, mahaian... eszenatoki guztietan kantatu zituzten bertsoak. Lizasok honela amaitu zuen bertso bat: "Lizaso zaharra hiltzen denean negarrik ez zazute gin". Joxe, denentzat ez da erraza izango hori betetzea. Agirrek honela jarraitu zuen:

Beharba hori ere egongo gera
nahikoa gerturatuak,
hargatik gabiltz elizaraino
sarritan inguratuak,
ta joaterako aitor ditzagun
guk dazukagun pekatuak,
bestela gero ahaztuko dira
bertsoetako kontuak.

Lizasoren erantzuna:

Barka, Agirre, nere bidetik
errezegi badet irten,
bihotza ari zait bultzaka eta
zail da isilik egoten,
Franco xaharra're zeruan dala
ari dirade esaten,
egia bada neri inpernuak
ez dit beldurrik ematen.

Egun gogoangarria izan zen niretzat Aresoko hura. Iluntze aldera, egun atsegin haren gozoa dastatzuz hartu nuen etxerako bidea.

Eta hiru azpeitiarrak. Izen horren pean sartzen dira Lizaso, Agirre eta Lazkano. Hirukote berezia eta ona osatu dute. Nire ustez, zortziko txikian eta puntuetan, mahai baten inguruan, izan den hirukoterik onena. Horien joa, erritmoa, umorea, hizketarako egokitasuna... ez dira nonahi ikusten. Landetako "bertso-eskolan", Lizasoren tabernan, leziatuak dira hirurak. Lazkanok ez du arrazoi faltarik Landetako unibertsitatea deitzeko. Hala irakur daiteke Bertsolari aldizkari batean: "Hor doktoratu ziren Imanol Lazkano eta Joxe Lizaso, eta Sebastian Lizasok ere hor ikasi zuen bere lehen katona, galtza motzetan, maisuon magalean eserita askotan".

Hori da bestea: bertsolari handi baten aita izan da Joxe, gazte klasiko baten aita, etorriz inork gutxik eramango dio Sebastiani. Baina Lizasorenean ez da Sebastianekin bukatzen bertsolaritza, bilobetaraino heldu da Joxek ereindako hazia. Aitonaren itzalak segi dezala luzaro.