Joxe Lizasoren bizitzako printza batzuk

Kronologia eta esanak

Kronologia

Kronologia

1927-03-10ean jaio. Joxe Lizaso Mendizabal jaio zen Azpeitian, Enparan kaleko 8an. Gaztaroa, amaren jaiotetxean igaro zuen, Odria bailarako Txillarramendiko Saraberri baserrian.

17 urterekin, lehenengo plazak. Lehen plazak 17 urterekin egin zituen. Azpeitiko Arana kaleko San Migel jaietan, Eusebio Eizmendi Txapel-ekin eta Juan Joxe Uranga Mandiolatza-rekin. Gero, Azkoitiko Balentxi-rekin Aizarnako jaietan. Hurrengoa, Zepairekin, Gaintxurizketan; Uztapideren ordez joan behar izan zuen. 64 urte egin ditu plazaz plaza bertsotan.

Altzari lantegian lanean. Baserriko lanak utzi eta gazte zela Azpeitiko Azkue y Compañia altzari lantegian ibili zen lanean, hamabi-hamahiru urtean.

Arotz lanetik elektrikari lanera. Altzari lantegia utzi ondoren, aitarekin hasi zen, elektrikari. Aita hil, soldaduska egin eta elektrikari enpresa sortu zuen Lizasok.

1957an ezkondu. Juli Iraolarekin ezkondu zen eta bi seme izan zituzten, Xebastian eta Bixente.

1957an Landeta taberna hartu. 30 urte zituela Landeta taberna hartu zuen, emaztearekin batera. Hamabi urtean eduki zuten.

Ez zen txapelketa zalea. Ez zen txapelketazalea Joxe Lizaso. 1949an, Eibarko Bertsolari Afizionatuen Txapelketan parte hartu zuen. 1959an,berriz, Gipuzkoako I. Txapelketako finalean.

1969an taberna erre zen. Domu Santu Egunean, Landeta taberna guztiz erre zen. Bertso giroa zen nagusi taberna hartan; Imanol Lazkanok Landetako Unibertsitatea titulua eman zion taberna hari.

1974, Azpeitian omendua. Karmelo Etxegarai Ikastolak Joxe Lizaso, Joxe Agirre eta Imanol Lazkano bertsolariak omendu zituen, martxoaren 10ean.

1977, Bertsolari Eguna Joxeren omenez. Urtarrilaren 16an, Donostian, Bertsolari Eguna egin zuten, Joxe Lizasoren omenez.

1977, Zestoan ere omendua. 1977ko otsailaren 5ean, Zestoan bertso-jaialdi batean Joxe Lizaso omendu zuten.

1987, Onatin omendua*. 1987ko maiatzean Oñatin omendu zuten azpeitiar bertsolaria.

1990, herriko bertsolariei omenaldia. Otsailaren 23an, Azpeitiko Udalak, jaialdi batean, herriko bertsolariak omendu zituen. Tartean, Joxe Lizaso. Urte hartan, Lasturren ere omendu zuten Joxe.

1992, herrian berriro omendua. Maiatzaren 29an omenaldia egin zioten Azpeitian, kiroldegian.

2001, biografia liburua. Joxe Mari Iriondo kazetari azpeitiarrak Joxe Lizasori buruzko biografia aurkeztu zuen, Joxe Lizaso. Nere aldiko kronika izenburuarekin.

2001, Baiteko ohorezko bazkide. Baite Azpeitiko Euskara Elkarteak ohorezko bazkide izendatu zuen.

2006, Landetan omendua. Landetan, San Eloi jaietan, Joxe Lizasori omenaldia egin zioten auzotarrek.

2009-04-01. Joxe Lizaso bertsolaria hil egin zen, bere etxean.

Joxe Lizasok esanak

Bertsozaletasuna. "Orduan bertso paper txukun batzuk banatzen ziren, eta izeba zenak-eta leitzen zituzten, baina leitzen ikasi aurretik hasi zitzaidan niri bertsoa gustatzen, eta gehien gustatzen zitzaizkidanak Markesaren alaba-ren bertsoak; izeba zenari zenbat aldiz kantatu ote nizkion... Gauetan abesten genituen. Orduan ez zegoen telebistarik eta ez ezer, eta neguko iluntze luze haietan denbora nola-hala pasatu behar izaten zen eta...". Uztarria Azpeitiko herri aldizkaria, 2001eko otsaila.

Bertsolaria. "Bertsolariak, berezkoa behar du lehenengo. Baina hurrengo baldintza bertsotarako giroa izatea da, gazte batentzat. Girorik ez badu, alferrik ibiliko da. Edozein ofizio ere arian-arian ikasten du batere zaletasunik ez duenak. Baina aritzeko aukera ere beharrezko da. Eta bertsolaritza ere ofizio bat da, jardunaren jardunez horrelaxe ikasten dena", Joxe Lizaso. Nire aldiko kronika, Joxe Mari Iriondok idatzitako liburutik jasota.

Azpeitiko bertso-giroa. "Gure heriko euskara eta bertso-giroa ondotxo aldatu dira azkeneko urte hauetan, zorionez. Eta inork ez dizu sinisten gaur orduko konturik. Dena dela, hamaika saio egin dugu, nola debalde ala kobratuta, azkeneko urte hauetan. Eta hitz eginez konpondu izan gara beti: baina halako despreziorik inori egin gabe eta nori berea emanez, gizalegeak agintzen duen bezala". Joxe Lizaso. Nire aldiko kronika, Joxe Mari Iriondok idatzitako liburutik jasota.

Bertsolariaren esanak. "Bertsolariak esana libre behar du zerbait luzitzeko, eta bere iritziak esateko. Eta hori debekatuta egon da guretzat urte askoan. Nahi zenik esan ezin, eta zerbait berotu eta esaten ausartzen bazinen, gero kontuak! Urte txarrak pasatu genituen, noski. Eta oraintxe ere bertsolariaren lana gogorra da, gauzak ondo aldatu badira ere. Kontuz hitz egin behar da jendearen aurrean, ez dago edozer esaterik". Joxe Lizaso. Nire aldiko kronika, Joxe Mari Iriondok idatzitako liburutik jasota.

Herri bat. "Herri bat aukeratzeko esango balit norbaitek, ezingo nuke bat hautatu, asko dira-eta. Adibidez, Oñatin urte batean bederatzi alditan kantatutakoa naiz. Zer esango dut, beraz, herri horrengatik... Eta horrelakoak asko daude. Ez da herriaren kontua, ordea. Herriak ez du kulparik, antolatzaileek baizik. Francoren garaian baziren herriak edo auzoak frankistenak zirenak, zela zinegotzia, zela beste edonor, lehengo ohiturak berreskuratu nahi zituzten plantak egiten zituzten, baina...". Kepa Urbietak idatzitako Oroitarri liburutik jasota (Uztarria Kultur Koordinakundea).

Jaialdiak eta gai-jartzea. "Bertso bat kantatzeko ere gaia ematen dizute-eta! Bi kantatzeko ere bai! Nik ezin dut hori onean eraman. Kontra dagoenak pentsatuko du nahi duena, segitzea dauka! Gurea joan da! Gurea beste era batekoa izan zen eta joan zen. Baina nik ezin dut oraingo hau eraman. Gainera, gezurra esan behar baldin bada ere, sentitu egin behar da. Nik ez badut gaia sentitzen, zer edo zer esango dut nik ere, baina sentitzen ez den bertsoa... Norbera ez badago lazo horretan, alferrik da". Argia astekaria, 2003-09-14.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide