Resurrecion Maria Azkue Literatur Sariak irabazi dituzte herriko bi ikaslek

Uztarria.eus 2009ko mar. 17a, 11:03
Ezkerretik hirugarrena da Maialen Watzinger eta Leire Arenas, berriz, eskubitik hirugarrena.

Idazle gazteak literatura mundura ekartzeko helburua duten sariak atzo (asteartea) banatu zituzten, Bilbon

Maialen Watzinger urrestildarra eta Leire Arenas azpeitiarra dira irabazleak

Resurreccion Maria Azkue Literatur Sariak banatu ziren atzo, asteartea, Bilbon. Idazle gazteak literatura mundura ekartzeko asmoz sortutako sariak dira eta aurtengo edizioan bi sari Azpeitiko ikasleek irabazi dituzte: Maialen Watzinger Azpeitiko Urola Ikastolakoa eta Leire Arenas, Ikasberri Ikastolakoa.

Euskaltzaindiak antolatzen dituen sariak 11 eta 18 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta daude. Bi lan mota onartzen dituzte, narrazioa eta olerkia, eta adinari dagokionean ere bi maila daude: lehenengo maila 11 eta 14 urte bitarteko gazteek osatzen dute. Maila horretako lehen saria irabazi du Maialen Watzingerrek, Zabaletaren autobusa narrazioarekin. Yolanda Arrieta, Igone Etxebarria eta Antton Irusta epaimahaikoek azpeitiarraren lana onena dela erabaki dute.

Bigarren maila 15 eta 18 urte bitartekoek osatzen dute. Joseba Butronek, Jabier Kaltzakortak eta Kirmen Uribek osatu dute maila horretako epaimahaia. Leire Arenas azpeitiarraren Betiere olerki bildumak hirugarren saria lortu du.