Azpeitiko EAko afiliatu batzuek alderdia utziko dute, herriko ordezkariekin daukaten desadostasuna dela-eta

Uztarria.com 2009ko ots. 7a, 12:02

Herriko Eusko Alkartasunako 30 afiliatuk gutuna atera dute —besteak beste, alkate eta zinegotzi izandako kide batzuek—, baina oraingoz ez dute jakinarazi zenbatek eta zeinek utziko duten EA

Duela bi urte ANVrekin udal gobernu akordioa egin izana kritikatu dute, baita zentsura mozioan EAko zinegotzi batek kontra bozkatu izana ere

Azpeitiko EAko 30 afiliatuk hedabideetara bidalitako gutunean jakinarazi dute alderdikide batzuek baja emango dutela, herriko EAko arduradunekin ez daudelako ados. Ez dute zehaztu zenbatek utziko duten alderdia, ezta zeinek ere.

Komunikabideetara eskutitza, besteak beste, Azpeitiko Udalean alkate eta zinegotzi karguak izan dituzten kide batzuek bidali dute: Luziano Lazkano, Javier Beobide, Nekane Larrañaga, Aitor Aranguren, Iñaki Olaizola, Xabier Goenaga, Maria Jesus Garmendia eta Iñaki Eizmendik.

Duela bi urte EAk EAE-ANVrekin udal gobernu akordioa egin izana (horrekin kritiko azaldu ziren Azpeitiko EAko zenbait kideren arrazoiak hemen eta Azpeitiko EAko zuzendaritzak ondoren emandako arrazoiak hemen) edota joan den urtarrilaren 17an Iñaki Errazkin alkatearen aurkako zentsura mozioan EAko zinegotzi batek aurka bozkatu izana dira aipatu dituzten arrazoi batzuk Eusko Alkartasunako 30 kide horiek. "Azpeitiko EAk garbi eta irmo azaldu behar du ETAren kontrako jarrera". "Alderdiak bizi duen egoeraren aurrean ez dugu ikusten arduradunik, ez autokritikarik, eta gure ustez, ezta etorkizunik ere".

Azpeitiko 30 afiliaturen gutuna

"Gure herrian azken urteetan Azpeitiko Eusko Alkartasuna (EA) gidatzen eta publikoki ordezkatzen dutenek erakutsi dituzten jarrera eta zenbait jokabiderekin, gure desadostasuna eta ezin ulertua azaldu nahi ditugu jarraian sinatzen dugunok:

Azken bi legealdietan (2003-2007 eta 2007-2011) Azpeitian EAk eraman duen politikak EA porrotera eraman du. 2003ko udal hauteskundeetan EA-EAJrekin aurkeztutako koalizioak arrakasta izan zuen, 5.459 boto. Baina EAko zinegotziek gobernatu eta aldi berean oposizioa egin zioten EAJri, ezadostasuna gainera publikoki irudikatuz. Ulertu ez genuen jarrera, ez guk eta ez herritarrek ere. Izan ere, 2007ko udal hauteskundeetan, zinegotzi berberak zerrendaburu zirelarik, EA bakarrik aurkeztu zen eta ikaragarrizko beherakada izan zuen botoetan (1.744 boto izatetik azkena bakarrik aurkeztu zenean, 760 izatera pasatu zen) eta ondorioz, lau zinegotzi zirenak bi izatera pasatu ziren, bigarrengo zinegotzia boto gutxigatik lortuz.

Hau gutxi ez eta 2007ko ekainean, Azpeitiko Alkatearen aukeraketan, EAko bi zinegotziek alkatetza ANVri eman zioten. Erabaki honekiko genuen ezadostasuna publikoki azaldu genuen arrazoi hauek medio: 1.- Euskadi mailan Eusko Alkartasunak EAJrekin zuen akordioa ez zuten bete; hau da, zerrenda bozkatuena errespetatzea. 2.- Herrirako hain erabaki garrantzitsua zena, herriko afiliatuei bizkarra emanez hartu zen, kontsultatu gabe. Bi egun aurretik EAko Hiri Batzarrean ez zen horren berririk eman. 3.- Alderdiko buruzagiek erabaki honen aurkako eta egoera zuzentzearen aldeko adierazpenak egin bazituzten ere, ez zen neurririk hartu.

Azken tanta, Azpeitian EAk ETAren erailketen aurrean azaldu duen jarrera izan da. Ez dago ideia politikorik pertsona baten hilketa justifika dezakeenik eta Azpeitiko EAk garbi eta irmo azaldu behar du ETAren kontrako jarrera eta udal gobernu batek zer esanik ez. Arrasaten ETAk Isaias Carrasco hil eta gero, Azpeitiko udalbatzarrean EAko zinegotziek EAJk aurkeztutako mozio etikoari EZ bozkatu zioten. Aurrera atera zen mozioak (batera gobernatzen zuten ANV-EA-Aralarrek aurkeztua), ez zuen ETA aipatzen.

Herritar baten, Inazio Uriaren, erailketak gertatu behar izan du, EAko bi zinegotziek, Udal Gobernua derrigortuta uzteko eta bietako batek (afiliatua ez denak) zentsura mozioa onartzeko. Baina beste zinegotziak, EAko afiliatua denak, mozio honi kontrako botoa eman zion. Honek gainera udalbatzarrean adierazi zuen erabakia derrigortuta hartu zutela, goitik aginduta. Berriro ere ez da alderdiaren agindua osorik bete.

Guk jokabide hau ezin dugu ontzat eman. Giza eskubideak gizakion elkarbizitzarako oinarriak ditugu, beraz, printzipio hauek gidari argiak izan behar dute edozein erabaki politiko hartzerakoan. Ezker abertzaleak argi izan behar du, talde armatuarekin eteten ez duten bitartean, ez dutela beste alderdien kolaboraziorik izango.

Alderdi politikoak herriaren alde lan egiteko tresnak dira, baina hauen oinarrian daude printzipio etikoak. Hauek argi ez izatekotan, merezi ote du alderdi politiko honek?

Jokabide hauek, EA alderdikoak izan garenoi lotsa sentiarazten digute. Eta ez genuke nahi, Azpeitiko herriak gu jokabide hauekin lotzerik.

Azpeitiko EAn, alderdi barruko bi sentsibilitateen integrazio ahaleginak ere egin izan ditugu, adostasuna bilatzen saiatuz. Baina, erantzuna EZ izan da beti. Alderdiak bizi duen egoera guzti honen aurrean, ez dugu ikusten arduradunik, ez autokritikarik, eta gure ustez, ezta etorkizunik ere.

Ondorioz, alderdian baja eman nahi dutenen sinadura zerrenda bat bidaliko zaio EAko zuzendaritzari.

Idatzi hau, Azpeitiko EAko 30 afiliatuk sinatzen dute. Horien artean, Azpeitiko Udalean alkate eta zinegotzi karguak izan dituztenak, Luziano Lazkano, Javier Beobide, Nekane Larrañaga, Aitor Aranguren, Iñaki Olaizola, Xabier Goenaga, Maria Jesus Garmendia eta Iñaki Eizmendi".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide