Garikoitz Etxeberriari ongietorri ekitaldia egitea debekatu egin dute

Urola Kostako Hitza 2009ko ots. 6a, 20:02

Debekuaren aurrean, manifestazioa egin zuten larunbatean. ('Urola Kostako Hitza')

Velasco epaileak eman du bihar (larunbata) egitekoa zen ekitaldia bertan behera uzteko agindua, Dignidad y Justiciaren eskariz

Ekitaldia "terrorismoa jendaurrean goratzea" litzatekeelakoan eta "biktimen samina" saihesteko eman du agindua epaileak

Azkeneko albisteak (larunbata, 21:10). Manifestazioa eta omenaldia egin dituzte azkenean.

Garikoitz Etxeberria Kafe azpeitiarrak astelehen goizean irten zuen kartzelatik, Haika-Segi gazte erakundeen auziko epaiak agindutako sei urteko zigorra osorik bete ondoren, eta biharko (larunbata) hari herrian ongietorria egitea iragarrita zegoen —19:00etan Frontoi Txikian ekitaldia eta herri afaria nahiz txotxa 21:00etan azoka plazan—, baina gaur arratsaldean Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak bi ekitaldiak debekatu egin zituen, "terrorismoa jendaurrean goratzea" delakoan eta "biktimen samina" saihesteko.

Dignidad y Justiciaren eskariz egindako autoa kaleratu du gaur Velasco epaileak. Autoan, biharko Azpeitian antolatuta dauden bi ekitaldiak aipatzen ditu, ongietorri ekitaldia eta afaria nahiz txotxa, eta biak debekatzen dituela azpimarratzen du.

Debekua agintzeaz gainera, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari, Ertzaintzari, Espainiako Polizia Nazionalari eta Guardia Zibilari bi ekitaldiak aurrera eraman ez daitezen "neurriak hartzeko" eskatu die Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Era berean, ekitaldien debekuaren ondorioz gerta daitezken "legearen kontrako ekintzei" aurre hartzeko eskatu die.

Velasco epailearen arabera, Garikoitz Etxeberria Kafe-ri ongietorria egiteko herrian antolatu dituzten ekitaldiek «legez kanpoko helburua dute», "ETAko presoak eta harekin lotura duten legez kanpoko taldeak goraipatzea" bilatzen dutelako.

Etxeberria 2001eko martxoaren 6an atxilotu zuen Espainiako Poliziak, beste hogeitaka gazterekin batera, eta bi alditan egin ditu sei urteok preso. 2005eko martxoaren 4an irten zuen libre aurreneko aldiz. Baina 2007ko otsailean berriro atxilotu eta kartzeleratu zuten.

Azkeneko albisteak (larunbata, otsailak 7, 21:10). Manifestazioa eta omenaldia egin dituzte azkenean. Garikoitz Etxeberria preso ohiari azkenean egin diote omenaldia, Gaztetxean, gaur (larunbata) gauean. Txotxa ere egin dute. Aurretik manifestazioa egin dute, 19:00ak aldera hasita. Jende asko elkartu da.

Alkateak ez du ahalbidetu ongietorria egitea (larunbata, otsailak 7, 14:00). Atzo Espainiako Auzitegi Nazionalak debekatu egin zuen gaur arratsalderako Azpeitian Garikoitz Etxeberria =iKafe=i Haikako preso ohiari antolatuta zegoen ongietorria eta, Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) Julian Eizmendi alkateari (EAJ) harrera beste leku batean egitea proposatu dion arren, honek ez die ezer ahalbidetu.

AAMk Udalari ekitaldia Izarraitz pilotalekuan egitea proposatu dio, beste ordu batean eta beste lelo batekin, txotxa ez duela egingo ere hitz eman dio, baina alkateak telefonoz erantzun dio Ertzaintzarekin hitz egin duela eta ezin dela ongi-etorria antolatu. "Alkateak ez du inolako borondaterik erakutsi arazo honi irtenbide justua emateko", esan du AAMk. "Ondorioz, aurrez aurre jarri gaitu Ertzaintzaren bortxa mehatxuarekin. Soluzio egokia aurkitu ordez, nahiago izan du afera polizia armatuen esku uztea, horiek izango baitira debekua bermatuko dutenak. Gure ustez, EAJren joko politikoaren adibide argia da gertatu dena, beste behin Auzitegi Nazionalari men egin baitio, herritarron biltzeko eta antolatzen eskubidea ukatuz. Bide batez, Espainiako Gobernuak Euskal Herrian ezarritako salbuespen egoeraren adibide argia da debekua".

Eizmendik gaur Urola Kostako Hitza-ri adierazi dionez, ostiral eguerdian izan zuen autoaren berri, Ertzaintza Azpeitiko Udaltzaingoarekin harremanetan jarri zelako. Berehala, ongietorri ekitaldia beste toki batean egiteko udaletxean eskaera egin zuen herritarrarekin hitz egin zuela adierazi du alkateak. "Espainiako Auzitegi Nazionaletik etorri da autoa eta Azpeitiko Udalak agindua bete behar du", dio Eizmendik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide