Tentsioa udalbatzarrean

Uztarria.eus 2009ko urt. 17a, 13:01

Jendetza elkartu da zentsura mozioaren bilkura jarraitzeko

Oihuak, txaloak eta txistuak nagusi izan dira

Udalbatzarreko giroko argazki bilduma eta bideoa

Oihuak, txaloak, txistuak, ezinegona, akusazioak, karteltxoak eskuetan eta politikariek hitza hartzeko arazoak. Beroa, klase guztietakoa. Eta tentsioa, tentsio nabarmena. Horrela joan da gaur (larunbata) 12:00etan hasi eta ordu erdiz luzatu den udalbatzar jendetsua.

Udaletxeko atean zeuden udaltzainek eguerdia baino bost minutu lehenago utzi diote jendeari sartzen. Jendetza zegoen San Agustinpen, kazetari ugari, alderdi politikoetako ordezkariak (EAJtik Joseba Egibar Gipuzkoako EAJko presidentea, Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara diputatua, Eneko Goia Aldundiko bozeramailea, Asier Aranbarri Azkoitiko alkatea, Jon Redondo Orioko alkatea eta Imanol Lasa Zarauzko zinegotzia; ezker abertzaletik Xabier Zubizarreta Arrasateko HB eta EHko alkate ohia edota Arantza Urkaregi ezker abertzaleko bozeramailea; EAtik Jokin Sagarzazu Gipuzkoako zuzendaritzako kidea; Aralarretik Oxel Erostarbe Gipuzkoako koordinatzailea), jarraitzaile asko, baita ETAk joan den abenduaren 3an Loiolan hil zuen Inazio Uria enpresariaren hainbat senitarteko ere. Udaletxerako sarreran bizi izan dira lehen tentsio une nabarmenak; bultzakadak eta ika-mikak, zein lehen sartuko.

Espero zitekeen bezala, udaletxeko areto nagusia gainezka egon da. Batzarra hasi aurretik bertara joandako herritar askok karteltxoak altxatu dituzte: batzuek, zuriak, alde batean Loiolan eraila - asesinado leloarekin eta, bestaldean, Pakea leloarekin; beste batzuek, gorriak, mezu ezberdinekin (Ezkertiar eta abertzaleok aurrera, Epaiketarik ez...). Oihuak, berriz, ia etengabeak izan dira ezker abertzaleko jarraitzaileen aldetik, batik bat Julian Eizmendik hitza hartu duenean: 'PNV español', PNV diruzale, ANV aurrera... EAJko jarraitzaileak ere ez dira isilik egon eta txaloka babestu nahi izan dute beren ordezkaria. Batzuen eta besteen arteko oihu kontrajarriak ere behin eta berriz errepikatu dira.

Hitz egiten kostatu

Giroa bero zegoen, beroegi, eta udal ordezkariei kostatu egin zaie esan beharrekoak esan eta egin beharrekoak egitea. Iñaki Errazkinek "faborez, hitz egiten utzi" behin baino gehiagotan eskatu arren, aretoan bildu direnak isilik mantentzeko modurik ez da egon. Errazkinek berak hitza hartu ondoren, berriz, EAJko jarraitzaileen oihuak izan dira ozenen entzun direnak: ANV ETAren morroi, hilketarik ez.

Manuel Unanue EAko bozeramaleak ere entzun ditu oihuak, batzuenak eta besteenak, baina EAJren aldekoenak gehienak. Txaketero deitu diote, besteak beste. Aralarreko Juan Karlos Arellanoren interbentzioa izan da lasaiena, erabateko isiltasunik egon ez arren.

Zinegotziek ahoz eta banan-banan eman dute ondoren beraien boza; hor ere bake gutxi. 12:30erako minutu gutxi falta ziren Joxe Urbistondok (Nerea Aldairekin batera batzarra zuzendu duen adin-mahaiko kidea) Julian Eizmendi alkate izendatu duenean. Txalo zaparrada batek eta txistu ozenek eman diote ongietorria izendapenari.

Alkatetza galdu berri zuen Iñaki Errazkinek bostekoa eman dio Eizmendiri, eta oihuek eta ika-mikek bere horretan jarraitu dute. Inaxio, gogoan zaitugu oihukatu dute batzuk; Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo ekarri dituzte gogora besteek —Komando Autonomo Antikapitalistetako azpeitiar kideok Espainiako Poliziak hil zituen duela 25 urte, Pasaian—.

Errazkinek eta Eizmendik hitza hartu ondoren bukatu da udalbatzarra. Hasi bezala, oihu artean eta tentsio nabarmenarekin.