Zentsura mozioa salatzeko elkarretaratzea egin dute

Uztarria.eus 2009ko urt. 17a, 13:01

Berrehun lagun inguru bildu dira herriko plazan.

Ezker abertzaleak deituta, Ezkertiar eta abertzaleok aurrera! lelopean elkarretaratzea egin dute gaur, 11:10ean, plazan

Iñaki Errazkinen aurka sartutako zentsura mozioa salatu dute

Ezker abertzaleak deituta, elkarretaratzea egin dute herriko plazan gaur (larunbata) Iñaki Errazkin alkatearen aurka EAJk eta EAk sartu duten zentsura mozioaren kontra daudela azaltzeko. Ezkertiar eta abertzaleok aurrera! leloa zeraman pankartaran atzean berrehun lagun inguru bildu dira.

Ezker abertzaleko zinegotzi Xanet Esnaolak, Leire Ibargurenek eta Arantxa Isartek izan dute pankarta. Azpeitiarrez gain, bailarako jendea izan da elkarretaratzean; tartean, Aizarnazabalgo alkatea.

11:10ean hasi da elkarretaratzea. Hasieran 11:00etarako deituta zegoen, baina atzo (ostirala) ez egiteko abisua eman zuen Ertzaintzak, Segi-ren kartelez baliatuta. Bigarren elkarretaratze deialdi bat egin zuten ezker abertzaletik, eta Ertzaintzak baimendu egin zuen. Hala ere, 10:45erako ertzainen hiru furgoneta zeuden plazan, eta beste hiru astotegian.

11:30ean bukatu da elkarretaratzea. Han bildutakoak udaletxera abiatu dira, "ANV aurrera" eta "Euskal Herria ez dago salgai" bezalako leloak oihukatuz. EAJko hainbat jarratzaile ere udaletxe sarreran zen, plenora sartzeko. Ia hamabietan ireki dute udaltzainek sarrera.