Alex Altolagirre: "Etxean futbol zaletuen babesa izanda gu ere hazi egiten gara futbol zelaian"

Urola Kostako Hitza 2009ko urt. 9a, 10:01

Alex Altolagirre, Lagun Onak futbol taldeko jokalaria. (Nerea Uranga)

Lagun Onak taldeko jokalaria da

Lagun Onak-eko lehen taldeak aurrena bukatu du lehen itzulia; bihar dute bigarren itzuliko lehen partida Laudioren kontra, 16:30ean, Garmendipen

Alex Altolagirre (Azpeitia, 1986) Espainiako Hirugarren Mailako Lagun Onak futbol taldeko jokalaria da. Aurreneko itzulia bukatuta, aurrenenak daude sailkapenean. Gustura dago egiten ari diren lanarekin, baina lanean jarraitu behar dutela dio, "oraindik ez delako bukatu egin beharrekoa, eta lana partidaz partida egin beharra dago". Eskola kirolarekin hasi zen futbolean jokatzen, eta hortik aurrera Lagun Onak Futbol Klubean jokatu du, infantiletan hasita. "Jubeniletan bi denboraldi egin nituen eta hirugarrengoan lehen taldearekin jokatzeko aukera eskaini zidan Aitor Zulaika entrenatzaileak", dio. Bigarren itzuliko lehen partida Laudioren kontra jokatuko dute bihar, 16:30ean, Garmendipen.

Denboraldiko lehen itzulian oso ondo ibili zarete, sailkapenean aurreneko postuan zaudete.

Oraindik ez da bukatu ordea, oraindik ez da bukatu... Aurreneko itzulia bukatu da, eta egindakoarekin gustura gaude, oso gustura.

Beste denboraldi batzuetan aurreneko itzuliak ez dira hain onak izan, ezta hala?

Ni egon naizenetan, normalean hasieran sufritu egin izan dugu eta puntu batzuk lortzea kostatu egin zaigu; garai txarrak ere egon dira. Azkenengo bi denboraldi hauetan,ordea, aurrean ibiltzeko aukera izan dugu. Orain hor aurrean egote horrekin gozatzen ari gara, eta aprobetxatu egin behar. Baina esan behar da, oraindik hau ez dela bukatu eta ahal den bitartean segi egin behar dugula.

Lehen itzuliko azken partidan, sailkapeneko lehen postua berreskuratu duzue, eta zeini eta aurrena zen Portugaleteri 3-1 irabazita.

Denboraldia hasten denean normalean Bizkaiko taldeak sailkapenean aurrean jartzen dira. Aurten ezusteko batzuk ari dira gertatzen: sailkapenaren aurreko postuetan Gipuzkoako bi talde gaude, gu eta Elgoibar. Gu erakusten ari gara etxean ez dela erraza guri irabaztea; Gernikari eta Portugaleteri erakutsi diegu hemen txantxa gutxi dagoela eta horrela segi beharra daukagu. Gainera, azken partidakoa, Portugaleteren kontrakoa, ederra izan da: sailkapeneko lehen taldea etorrita, jende asko hurbildu zen Garmendipe futbol zelaira, bai kanpotik baita herritik. Herriaren babes handia jaso dugu, eta horrek poza ematen du. Azken partidan asko antzeman da hori, normalean jende gutxi joan ohi baita Garmendipera. Gu gustura gaude babesa azaltzen diguten herritarrekin, eta horiek ere guk egiten dugun jokoarekin gustura egon daitezela. Etxean horrelako babesa izanda, gu ere hazi egiten gara futbol zelaian.

Orain bigarren itzulia hastera zoazte. Lagun Onak-ekoen asmoak zein dira?

Aurreneko itzulia bezalakoa izatea ona litzateke; lor daiteke baina ez da erraza izango. Guri Aitor Zulaika entrenatzaileak zera esaten digu: partidatik partidara joan behar dugula. Horixe esaten digu, eta guk hori egiten digu, partidaz partida serio jardun. Mementuz ondo ari zaigu irteten eta horretan segituko dugu. Ni horretan Zulaikarekin ados nago, baita taldea ere.

Bihar bigarren itzulia hasiko duzue, berriz ere etxean jokatuz.

Ea aurreko partidan bezalaxe zaletuak Garmendipera etortzen diren, eta bigarren itzulia garaipen batekin hasten dugun.

Partidaz partida joatea duzue helburua, baina aurreko denboraldiko arantza kentzeko gogoa ere izango duzue, ezta? Hau da, igoera fasea jokatzeko gogoa.

Denak akordatzen gara joan den denboraldiko azkeneko partida harekin. Pena izan zen, baina behintzat disfrutatu egin genuen, guretzat gauza berria zelako. Orain behintzat esperientzia puntu hori badaukagu.

Zu ere maila ona ematen ari zara azkenaldian.

Gustura nago egiten ari naizen lanarekin. Baina nik bakarrik ezingo nuke ezer egin, hamaika hamaikaren kontra aritzen gara. Nik besteen beharra dut ezinbestean, eta espero dut beraiek ere nire beharra izatea, neurri batean. Denok ere lan ona egiten gara eta hori da garrantzitsua.

Lagun Onak-eko lehen taldean beteranoenetakoa al zara?

Beno, ari gara ikasten pixkanaka. Gu baino zaharrago batzuek alde edo laga egin dute, eta kintako talde eder bat bagaude; nahiz eta gazteak izan, urte batzuk daramazkigu Lagun Onak-en.

Taldean herriko futbolari asko zaudete azkenaldian; nolako giroa dago zuen artean?

Ederra! Hau mementu ederra da, eta taldean halakoxe giroa dugu! Azken urteetan horrenbeste azpeitiar ez da egon eta behetik ere jendea datorrela ikusten da. Denak oso ondo konpontzen gara; lehenagotik ezagutzen ginen eta orain elkarrekin jokatzeko aukera dugu. Gainera orain, kasualitatez, beheko mailetako jende asko ari da jokatzen gurekin, lesioengatik eta. Hiruzpalau debut eduki ditugu, eta pixkanaka behetik tiraka ari dira. Zulaikak gazteei aukera asko ematen die eta hori ona da.

Erdi kanpoan ezkerretik ari zara jokatzen; gustuko al duzu?

Behin edo behin jokatuta nago defentsan ezker hegaletik, baina Zulaikak aurrerako aukera eman zidan. Orduz gero hor jokatzen dut eta oso gustura.

Zer du Lagun Onak-ek?

Kanpokoek ere horixe galdetzen dute, denek esaten dietela zerbait badagoela Lagun Onak-en, diote. Azpeitiarrak asko gaude taldean, eta kanpotik etorri direnak ere oso ondo moldatu dira; elkarrekin ondo konpontzen gara. Giro ederra dago, aldagelara sartu eta dutxatuta ateratzen garen artean. Mementua ere horrelakoxea da orain eta horrek asko laguntzen du.