'Urola Kostako Hitza'-k 23.000 irakurle

Urola Kostako Hitza 2009ko urt. 8a, 19:01

Hedabideen zabalkundea ikertzen duen CIES enpresaren arabera, Urola Kostako euskarazko egunkariak inoizko daturik onenak izan ditu

'Hitza'-ren irakurle kopurua goraka doa etengabe

Nola egin harpidedun? Deitu 902 82 02 01era

Bere ibilbidean inoiz jaso duen daturik onena jaso du Urola Kostako Hitza egunkariak egunotan: 2008. urteko azken hilabeteetan eskualdean 23.000 irakurle izan dituela jakinarazi du hedabideen zabalkundea aztertzen duen CIES enpresak, eta orain arte izandako joera baikorra baieztatu egin du. Beraz, Urola Kosta eskualdean Hitza eguneroko erreferentzia bihurtu dela esan daiteke, zalantzarik gabe (Uztarria Komunikazio Taldea bertako sortzaileetakoa eta bazkideetakoa da).

2004an sortu zen Urola Kostako Hitza, eta apurka-apurka sendotzen joan da. Euskarazko prentsaren irakurleek eta harpidedunek emandako babesari eta erakunde publikoen diru laguntzei esker indartu egin da proiektua, eta lan taldeak biziki eskertu du atsedenik gabe eskualde guztiko eragileek albisteak helarazteko erakutsi duten nahia. Publizitatea jartzen dutenek ere erakusleiho ederra topatu dute Hitza egunkarian beraien eskaintzen berri emateko.

CIES enpresak urtean bi olatu neurtzen ditu: lehendabiziko neurketa martxoa inguruan izan ohi da eta bigarrena, berriz, udazkenean.

Esan bezala, datuen bilakaera ikusiz gero, Hitza-ren irakurle kopuruak gorantz egin duela suma daiteke: 2005ean batez beste 18.000 irakurle zituen eta 2006an 19.000.

Azken urteetan egindako aurrerapausoak gainerako eskualdeetara ere zabaldu dira. Gipuzkoan eta Bizkaian dauden Hitza egunkariek ere gorako joera erakutsi dute oro har: iaz guztiek batera 79.000 irakurle bildu zituzten eta aurten 89.000.

Bosgarren urteurrena atarian

Urola Kostako Hitza egunkariak 1. zenbakia 2004ko otsailaren 20an kaleratu zuen; Euskaldunon Egunkaria itxi eta handik urtebetera, hain zuzen ere. Hitza-k hasieratik izan du Interneten bere atari digitala ere, papereko albisteez gain edizio digitala osatzen duten beste hainbat atalekin osatua.

2007ko udazkenean egindako diseinu aldaketekin, papera eta Interneten arteko harremana sustatu du, etorkizunean kazetaritzak izango duen egiturari bete-betean helduz.

2009ko otsailean iritsiko zaio Hitza-ri bere bosgarren urteurrena ospatzeko garaia. Zenbait ekimen berezi izango direla jakinarazi dute arduradunek, baina garaia iritsitakoan esango dituzte.

Nola egin harpidedun? Deitu 902 82 02 01 telefono zenbakira.