Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea deitu dute

Uztarria.eus 2009ko urt. 8a, 17:01

Bihar (ostirala) izango da da, plazan, 19:00etan, Palestinaren Aldeko Herritarren Taldeak antolatuta

Israel Gazan egiten ari den erasoak 700 hildako baino gehiago utzi dituela dio taldeak

Bihar, ostirala, Palestinari elkartasuna adierazteko kontzentrazioa egingo dute plazan, 19:00etan. Palestinaren Aldeko Herritarren Taldeak antolatu du ekimena.

Uztarria.com-i esan dionez, "Israelgo armada Gazan burutzen ari den sarraskiak 700 hildako baino gehiago utzi ditu, eta horietako asko eta asko umeak dira. Soldaduek gupidarik gabe bonbardatu eta tirokatu dituzte palestinarrak azken asteotan, nazioarteko klase politikoaren isiltasun konplizearekin".

Gazan (Palestina) aurrez "jasangaitza" zen egoera humanitarioa bururaino eraman dutela eta, orain arteko blokeo egoera "itogarriari", misil eta tankeen erasoa gehitu diotela kritikatu dute. Talde horrek Israelgo Gobernua jo du gertatzen ari den "genozidioaren errudun, bere interes politiko, ekonomiko eta erlijiosoak lortzeko helburu bakarrarekin".

Palestinaren Aldeko Herritarren Taldeak azpeitiar guztiei Palestinako herriari elkartasuna adierazteko elkarretaratzera joan daitezen eta israeldar izaera duen orori boikota egiteko deia zabaldu du.