Azpeitiko epaitegi berritua gaur hasi da lanean

Uztarria.eus 2009ko urt. 8a, 10:01

Azpeitiko epaitegi eraberritua.

Abenduaren 15ean inauguratu zuten ofizialki, 18 hilabetez itxita egon ondoren

Instalazio berriek 1.355 metro koadroko azalera dute

Azpeitiko Justizia jauregia gaur, osteguna, hasi da berriz ere lanean. Euskal Herria kalean dagoen eraikina itxita egon da azken 18 hilabeteotan, barrutik nahiz kanpotik erabat zaharberritzeko.

Epaitegi berritua ofizialki joan den abenduaren 15ean inauguratu zuten Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Joseba Azkarraga Justizia sailburuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko goi-kargudun judizialek. Hala ere, atzora arte epaitegia Izarraitz pilotalekuaren beheko lokaletan egon da.

Instalazio berriek Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak egindako gainontzeko egoitza judizial berri edo zaharberrituen egitura berbera daukate. Eraikinak guztira 1.355 metro koadroko azalera du. Beheko solairuan herritar gehien hartzen dituzten zerbitzuak egongo dira: Erregistro Zibila, Epaiketa Aretoa, Auzitegiko Klinika eta Zerbitzu Orokorrak. Lehenengo solairuan Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko bi Epaitegiak eta Fiskaltza daude. Bigarren solairuan, berriz, Agiritegiak kokatu dira, artxibok eta frogagarriak gordetzeko.