Nafarroako Azpeitiarrak Taldeak aurten hainbat ekitaldi antolatuko ditu Azpeitiaren 700. urteurrena dela-eta

Uztarria.eus 2009ko urt. 5a, 11:01

Nafarroako Azpeitiarrak Taldeko kide batzuk.

"Azpeitia ez zen duela 700 urte sortu, konkistatua izan zen"

Herriko elkarte guztiekin elkarlanean lan egiteko prest daude

Azpeitiak bere sorreraren 700. urteurrena beteko du 2010ean eta, gertaera horren aurrean, Nafarroako Azpeitiarrak Taldeak "urteurrena kokatu" nahi du, "Azpeitia ez zelako duela 700 urte sortu, konkistatua izan zen. Hori gertaera historikoa da, ez ospakizuna". Urte guztian ekintza desberdinak antolatuko dituzte, azpeitiarren "kontzientzia suspertzeko" helburuarekin.

Nafarroako Azpeitiarrak Taldeko kide Mirari Bereziartuak adierazi duenez, "geure identitatearen kontzientzia bizirik mantentzearen aldeko lana egitea ezinbestekoa da. Horretarako herri honen memoria historikoaz baliatzea estrategikoa dugu. Memoria galtzeko ahalegin handiegiak egiten dizkigute etengabe orain dela 800 urte inbaditu gintuztenek".

Lehen ekintza, plataforma osatzea izango da. Plataforma horrek otsailean manifestu herrikoiaren aurkezpena egingo du. Horrez gain, urtean zehar adituekin solasaldiak prestatuko dituzte, eta taldeei hitza ematen saiatuko dira.

Herriko elkarte eta talde guztiekin elkarlanean lan egiteko prest daudela azaldu dute. "Gu, herritar talde bat gara herri guztiari zabaldua eta hori da gure indar nagusia".